Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Grezia, ez dakitenen erabakiaren arriskupean

Zuzena da oso LOMCE edo «Wert legea» delakoa... Europaren edo, hobeto esateko, merkatu-batasun horren logikan: hezkuntzak ez du zertan denen eskubide izan, talde «bikain» batena baizik. Dirudunena. Horiek behar dute ikasi, gero erabakitzeko. Horixe da Europaren aspaldiko tradizio demokratikoa, erreferendumak kaltegarriak direla dioena, erabaki garrantzitsuenak ezin baitira ez dakitenen esku utzi. Hortaz, zertarako nahi ditugu ikasketak erabaki behar ez dugunok? Dirua zarrastatzeko baino ez.

Estatu espainolean, dakitenek lasaitu egin gintuzten, astelehenean Mariano Rajoyren ahotik, Greziak ez gaituela «kutsatuko» esanez. Asteartean, ildo beretik, Lakuako Gobernuak ziurtatu zuen Greziako krisiaren ondoriorik txarrenak ere eragin mugatua izango lukeela euskal mendebaldeko ekonomian. Eta lasai asko geunden ezjakinok geure buruari galdezka hasi ginen zer dela-eta lasaitu behar gaituzten. Eta gure ezjakintasunean, kezkatzeko motiboak sumatu genituen. Tira, eurak dira adituak eta gehienok ez dugu ideia zorririk. Hala ere, zenbait datu objektiboz, zenbait egiaz, jabetzeko gai bagara. Esate baterako, dakitenek –eta, hortaz, erabaki behar dutenek– Greziari ezarritako neurrien emaitzak lazgarriak direla (barne produktu gordinak %25 behera egin du eta langabeziak etengabe gora, gastu publikoa behin eta berriro murriztu ondoren). Hala eta guztiz ere, dakitenen dinamikari jarraitzeko eskatzen diote Greziako Gobernuari, aurreko gobernuen bidetik. Austeritate neurriak baino lehen eta horiek onartu ondoren sortuz joan diren egoeraren erantzuleen bidetik. Zordunak, baina, «greziarrak» omen dira. Ezjakinak.

Nolanahi ere, erreferendumen arriskua ukaezina da. Izan ere, Greziako egoera dakitenen erabakien ondorio dela ikusita, zer ez ote litzateke gertatuko ez dakitenek erabakiko balute? Agindutako pobretzea ez onartzea erabakiko balute, beren pobrezia kudeatu beharko lukete.