GARA
LONDRES

Sortuk bilera sorta egin du Parlamentu britaniarrean

Sorturen nazioarteko harremanetako arduradun Gorka Elejabarrieta Londresen dago aste honetan, eta hainbat parlamentariekin bildu da Euskal Herriko egoeraren inguruan informazioa helarazteko, alderdi abertzaleak atzo jakinarazi zuenez. Batez ere euskal preso politikoen egoeraz eta Parisko Konferentziaren garrantziaz aritu da.

Elejabarrietak beste hainbat bilkuretan ere parte hartu du, adibidez, Lord Hylton parlamentariak Kobaneko egoeraren inguruan herenegun egindako hitzaldian. Bertan, diaspora kurduari Euskal Herriaren elkartasuna helarazi zion.

Bestetik, Sorturen ordezkariak Sinn Feinek Ganberako Macmillan salan antolatu duen harreran parte hartuko du. Harrera Martin McGuinnessek zuzenduko du. Ekimena irlandar errepublikazaleek bake prozesuan Irlandako eta Erresuma Batuko gobernuen inplikazio sakonagoa aldarrikatzeko abiatutako ekimenen baitan kokatzen da.