Xole Aramendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Borroka baten kronika, ez derrigorrez garaipenarena

Emakumeengandik gehien kezkatzen nauena zera da, beren burua gutxiesteko duten erraztasuna». Tori Amos–en hitzak dira, Elena Lopez Aguirrek “Neskatxa maite. 25 mujeres que la música vasca no debería olvidar” liburuaren hitzaurrera ekarritakoak.

Arantxa Gurmendi, Begoña Larrañaga, Marivi Ibarrola, Jeni Prieto, Elena Sustatxa, Ca-therine Marchand La Plum, Christel Teruel, Alicia San Juan... 25eko zerrenda osatzeraino.

Musikari eskaini diote bizitza. Baina argi-fokurik ez dute izan gainean. Ahanzturatik argitara atera nahi izan ditu Lopez Aguirrek bere liburuan. «Borroka baten kontakizuna egin nahi nuen, ez derrigorrez garaipenarena», aitortu du Potatoko gitarra jotzaileak.

Musikak bizi ditu eta musika egin ahal izateko borroka ez da nolanahikoa izan. Zenbat malko, zenbat barre... Liburuan irakurritako bi esaldi ekarri dizkizuet. Reyes Toriok, Dinamita Pa los Pollos taldearen sortzaileak, esana: «Eurek utzitako lur eremu txikitik ateratzen bagara... abeslaria? primeran, teklatu-jotzailea? ondo. Baina hortik aurrera, oso zaila egiten zaie irenstea. Noski, boterea gizonezkoen esku dago oraindik (...) Gaur egungo egoera ez da 1964. urtekoa baino hobea».

Carmen San Esteban aktoreak eta Potatoko kideak zera dio: «Gizonezkoa banintz, kontua oso bestelakoa litzateke. Kultur gaiak aztertzeko egiten ditugun bileretan gizonezkoei entzun beharra dugu. Izan ere, bizkorrago, altuago eta indartsuago hitz egiten dute. Guk ‘zera esan nahi dut’ hamabost aldiz esan behar dugu entzun gaitzaten». Ba horixe... ezin argiago esan.