Ion SALGADO
GASTEIZ

EH Bilduk eskua luzatu die herritarrei, hezkuntza sistema propioa eraikitzeko

Datorren ikasturtean EH Bilduk prozesu zabal bat gauzatuko du hezkuntza sistema propioa eraikitzeko proposamen politikoa zehazteko asmoz. Halaber, koalizioak EAJ eta UPNren «sumisioa» salatu du.

EH Bilduk hezkuntza sistema propioa eraikitzeko proposamen politikoa zehazteko prozesu «parte hartzaile eta zabala» egingo du datorren ikasturtean. Hala iragarri zuen atzo Belen Arrondok, Madril eta Pariseko gobernuen «inposizioak eta erasoak» salatuta.

«EH Bilduk inposizio orori aurre egiteko konpromisoa berretsi nahi du. Eta horretarako tresnarik eraginkorrena hezkuntza burujabetza osoa eskuratzeko gure bide propioa egitea dela argi dugu, hezkuntza komunitatearekin eta herritarrekin batera egin beharreko bidea, alegia», azpimarratu zuen koalizioko legebiltzarkideak.

Halaber, Arrondok EAJ eta UPNren «sumisioa» kritikatu zuen. «Nafarroan UPNren Gobernua hasieratik Lomceren alde azaldu zen eta hori aplikatzeari ekin dio buru-belarri. EAEn, Lakuak eta EAJk behin eta berriro Lomceren kontra daudela esan izan badute ere, aplikatu egin dute. Gure bide propioa egiteko aukera eta baldintza onenetan gauden honetan, bi hezkuntza sailek, bakoitzak bere moduan, Madrili men egitea aukeratu dute, Lomceren aplikazioa», gaineratu zuen.

Zentzu honetan, Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek Lomce «Heziberri euskal kutsuarekin mozorrotu» nahi duela adierazi zuen Arrondok. «Baina txarto atera zaio jokaldia eta ez du hezkuntza eragile eta familiei ziria sartzea lortu. Ikusi besterik ez dago zer nolako mugimendua egon den 3. mailako azterketaren aplikazioan aurka. 30 ikastetxeetako lagina izan nahi zuten eta ez dute helburua lortu».

Era berean, Esther Korres Nafarroako parlamentariak UPNren politika atzerakoia gaitzetsi zuen. Azaldu zuenez, «argi gelditu da erregimenarekin bukatu eta aldaketa hezkuntzatik ere etorri dela. Hezkuntza eragile eta herritarren kemen eta mobilizazioei esker erasoei aurre egitea lortu dugu, eta aldaketa posible dela erakutsi dugu».