GARA
LAGOS

Konkistatutako lurrak galdu ostean sarraskiekin itzuli da Boko Haram

Ia 200 hildako eragin dituzte azken 48 orduetan Boko Haram taldeko jihadistek egindako eraso ikaragarriek. Kasu batzuetan inolako defentsarik ez zuten herrixkei egin diete eraso eta, beste batzuetan, umeak bidaltzen dituzte lehergailuekin pertsona ugari dauden lekuetara. Buhari Nigeriako presidenteak nazioarteko erantzuna eskatu du.

«Basatia», «krudela» eta tankerako hitzak erabili zituen atzo Muhammadu Buhari Nigeriako presidente berriak, Boko Haramen azken erasoen harira plazaratutako agirian.

Maiatzaren 29an iritsi zen Buhari presidente kargura, hauteskundeetan aurreko agintariari irabazi ondoren. Geroztik, Boko Haram taldeko jihadistei leporatutako erasoetan 423 pertsona hil dituzte, France Presse agentziak egin dituen kalkuluen arabera. Azken egunotan egin dituzte erasorik tragikoenak.

Buharik esan du talde armatu horren aurkako borroka bere agintaldiko lehentasuna dela. Ez da harritzekoa, asteazkenaz geroztik jihadistek egin dituzten erasoei erreparatuta. Horietako larriena Kukawako herrixkak jasan zuen asteazkenean (97 hildako): ramadan garaiko baraualdia amaitzean herritarrak meskitan zeudela egin zuten eraso 50en bat lagunek, tiroka. Gero, inguruko etxeetan ikusi zituzten pertsonak hil zituzten. Gorpuei su eman zieten.

Txadetik etorritakoak

Eskualde berean, handik ordu pare batera, inolako defentsarik ez duten beste bi herrixkari eraso zieten (48 hildako). «Motor eta kamioietan iritsi ziren. Herritarren artetik gizon batzuk hautatu zituzten fusilatzeko, eta bi herrixkei su eman zieten», dio Mohamed Tahir bertako diputatuak. Erantsi du Txad aldetik etorri zirela erasotzaileak.

Ostegunean, arratsaldeko ordu bietan, Maiduguri Borno estatuko hiriburutik 35 kilometrora dagoen Malariko meskitaren aurka jo zuten. Otoitz egiten ari ziren hamabi lagun hil zituen 15 bat urteko neska batek zeraman lehergailuak. Gajimi Malak gorpuak eramaten lagundu zuen: «Neska ez genuen ezagutzen herrian. Meskitaren ondoan ikusi zutenean alde egiteko esan zioten eta horrela egin zuen. Guztiek pentsatu zuten mehatxua bukatuta zegoela eta otoitz egiten hasi ziren. Une horretan sartu zen neska meskitara, korrika, eta eztanda egin zuen».

Malarin bertan ostegunean ustezko bi kamikazek beste hamaika pertsona hil zituzten soinean zeramatzaten lehergailuak zartarazita.

Atzo, goizaldeko 1:30ean, beste eraso bat egin zuten Boko Haramekoek Borno estatuan. Kasu honetan mendeku hartu zuten jihadistek: Miringa herrira iritsi eta atez ate joan ziren pertsona jakin batzuen bila, Isa Mshelia herritarrak esan duenez. Horren bertsioaren arabera, gizon horiek ihes egin zieten Boko Haramekoei Gwargwaren zeudela. Ez zuten onartzen jihadista bihurtzea. Lepoa moztuta hil ziren.

Otsailean Boko Haramen aurkako nazioarteko indarra sortu zutenetik (Niger, Kamerun, Nigeria eta Txadeko 7.500 soldadu), Nigeriako ipar-ekialdeko 30.000 kilometro koadroko eremua jihadistarik gabe utzi zuten, baina erasoak ez dira amaitu. Boko Haramek taktika aldatu du lurralde hori galdu ostean.