Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Sanfermin berezi eta pozgarriak

Navarra foral eta española ontzat hartzen ez dugunok urte aunitz eman ditugu pertsegituta, baztertuta, oinarrizko eskubideak ukatuta, protesta aukera bakar gisa agertzen zelarik. Zorionez, gure aurrean azaltzen ez ziren aukerak sortu egin genituen, eta, kexatzeaz gain, alternatibak eraikitzeari ekin genion, ekaitzaren erdian ekin ere. Lainoak nagusitzen zirenez, eguzkiari lekua egitea deliberatu genuen. Hagitz gogorra izan da orain arteko bidea, eta datorrena ez da erraza izanen, baina urrats erraldoiak egin ditugu, duela hamarkada batzuk pentsaezinak zirenak.

Gauzak horrela, uztailaren 7an Iruñeko alkatea Curia kalean ikusteko gogoa dut. Aurreko urteotan, batek daki noiztik, protestarako esparrua zen Curia, beste kale batzuk bezala, dena esatearren. Nafarroa ofiziala eta herritar askoren arteko tentsioen berri izateko leku ederra izan da eta, egia esan, aurten zer gertatuko den ikusteko irrikitan nago.

Batetik, ene buruari galdetzen diot zer eginen duten erregimenzaleek. Protestari ekinen diote orain? “Ikusi mendizaleak” kantatzen dugu guk, espontaneoki, halakoetan. Zein da haien “Ikusi mendizaleak”?, “No te vayas de Navarra”? Kantuak baztertu eta «arriba España»-ka hasiko dira? Zerbait navarrísimo egitea espero liteke, hauteskunde kanpaina ikusita, baina, kasu, agian zerbait ikasi dute.

Bestetik, zer eginen dugu guk? Protestatzeko arrazoiak ez zaizkigu falta. Aldaketa iritsi da Udalera, baita beste instituzioetara ere, baina oraindik asko dira askatu beharreko korapiloak, injustizia eta pertsonen arteko ezberdintasunak ugaltzen direlako, finean, ez baikara pertsona libreak herri libre batean.

Falta direnak Iruñea berri honetako kaleetan ikusi nahiko nituzke, lehenbailehen ikusi ere. Lainoen artean lekua egin eta indarrez dator eguzkia, protesta eta alternatiben eraikuntza uztartuz. Aldaketa eskuetan dugu eta sanferminetan ere ikusarazi behar dugu. Besta onak pasa!