Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Ideien guda

Gaur egun Grezian gertatzen ari denak perspektiban jartzen digu sistema kapitalistak Europari inposatu nahi diona. Azken asteetan komunikabide gehienek egoera kaotiko, katastrofiko baten kontaketa jarri dute martxan. Greziako Gobernuaren ezaxola eta arduragabea saltzen digute. Zor madarikatua ordaintzea omen baita Gobernu honek izan behar duen lehentasuna. Derrigorrez. Beste politikarik ez omen da posible.

Ez da herri handia Grezia; haatik, egoerari eusten dio, Gobernua herriarekiko hartu duen engaiamenduari eusten saia-tzen da, Europako agintari horien guztien artean sinesten dutenari leial izaten jarraitu nahi du. Sasi biltzarretan pasatzen den horretaz jakitea interesgarria litzateke, Greziako gobernukide horiek sekulako presio pean atxikiko dituzte, ea amore ematen duten.

Ikasgai ederra ematen digu Greziak, arazoaren aurrean herriaren babesaren bila joaten dira, herria kalera ateratzen da bere Gobernuaren sostengatzeko. Ideien guda funtsezkoa baita gaur egun Europan. Nazioarteko Diru Funtsak agintzen du Europan, Lagarde andereak edozein lehendakarik baino botere gehiago dauka; ez da hauteskundeen bitartez bozkatua izan, baina berak agintzen du. Boteretsuaren ideien kutsaduraren lekukoak gara, ahulenari ez zaio aterabiderik eskaintzen, makurtu nahi dute, sinetsarazi bera izan dela zorraren arduraduna, ordaindu behar duela, zintzoki!

Berrogeita hamar urtez ideien iraultza itzela gertatu da. Erresistentzia bera kriminalizatua da. Gaur egun hezkuntza, osasuna, erretreta gero eta pribatizatuagoak ditugu, zorra normaltasunez begiratzen da eta urtero zor hori handiagoa dela dio Gobernu frantsesak. Eskubideak murriztuak dira.

Daniel Vanhove (“Le grand soir”) idazlearen arabera, Lagarde andereak 32.000 euro inguruko hilabete saria duke. Arrazoi aski Greziako zaharren sariak txikitu behar direla ulertzeko. Halere, egunez egun ideien matrakak darraio, ahulenei zorra pagarazi behar zaielako ideiaren legitimitatea plazaratzen. Gezur erraldoi horrekin bukatu beharko da.