Idoia ERASO
BAIONA
Elkarrizketa
GUILLEN HIRIBARREN
BERTSOLARIA

«Amamaren kauserak bezala partekatu behar dugu euskal kultura»

Gaur hasiko diren Baionako besten irekieran bertsoa kantatzeko hautatu dute. Oholtza Baionan Kantuz-eko kideekin partekatuko du. Euskara eta euskal kultura aberasteko eta sustatzeko, folklorismoan erori gabe, aukera hori ere baliatu behar dela uste du itsasuarrak.

Nola hartu zenuen berria Baionako besten irekieran parte hartuko duzula jakin zenuenean?

Lehen inpresioa harridurazkoa izan zen. Alimaleko plaza horrek dituen alde dirdiratsu eta hertsapenak parekatu ondoan, gogo onez eman nion baiezkoa proposatu zidan Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etchegoin jaunari. Ez dut ukatzen, ordea, pisu handiko plaza dela eta zirraragarria zaidala hein batean ere… Ea bizirik ateratzen naizen.

Zein gai aukeratu duzu herriko etxeko balkoitik kantatzeko?

Aurten, azken 18 urteetan ez bezala, Baionako besten irekitze ofizialaren «euskarazko atala» “Kantaleon” liburuxka famatuaren 20 urteen omenaldiarekin batera eginen da. Oholtza partekatua aberatsago baizik ez da izanen, Jean Marc Landarretche Baionan Kantuz elkarteko ordezkariak irekiko duen adierazpen batekin. Elkarlanean prestatu dugu, beraz, edukiaren nondik norakoa.

Sentsazio berezia izango da hainbeste jenderen aurrean bertsoa botatzea…

Aitzinetik ezin jakin, ordea… Saiatu eta bertan gozatzea hobe!

Irekierara bertaratzen den jendearen gehiengoak ez du euskara ulertzen. Nola bizi duzu hori?

Berez doazen bi ikuspuntutatik hartzen dut problematika. Batetik etsipen gisa, euskarak duen egoera ahularen oroitarazteko parada izaki… Zoin haritik tiratu behar ote gure hizkuntza ulertzen ez duen publiko bati egin beharreko bertso bat? Hitza protagonista atxikitzeko neurrian ote? Bestetik, aldiz, desafio gisa… Hau da, publikoari komunikatzeko hizkuntzaz aparteko medioen bilatzea bertsogintzan ditugun mugen kitzikatzeko parada etengabea izaki… ea gutienean lortzen dugun ulertzen ez duenari jakin-min poxiño bat sortzen!

Baionako besten irekieran hain euskaldun gutxi izanik, bertsolari bat ezartzea sinbolikoa besterik ez da ala une txiki horretatik beste zerbait atera daitekeela uste duzu?

Sinboliko izateaz gain, nik uste dut ustiatu behar den plaza eder bat dela. Arraro da edozer entzuteko gogoarekin den hainbeste jende parean izatea eta gure egunerokoaren partekatzeko aukera ezin hobea dela iruditzen zait. Amamaren kauserak (edo osaba zaharrak paderan erre gaztainak) partekatzen genituen bezala, euskal kulturaren eta euskal biziaren partekatzeko parada da, ahal dela folklorearen eta errutinaren itzaletan erori gabe.

Aurreko urteetako bertsolariek balkoitik kantatutakoak ezagutzen dituzu? Zein mezu gustatu zitzaizun?

Ez dut nire ikerketa aski urrun eraman eta, egia erran behar dut, azken bizpahiru urteetakoak aparte, ezagutza txikia dut. Halarik ere, Odei Barrosok 2011n kantatu zuen bertsoa azpimarragarri iruditzen zait edukiaren aldetik, aitzineko galderan argumentatu ikuspuntua borobiltzen jakin duelako, maltzurki mezu minberak pasaraziz sustut.

Aurten Baionan Kantuzekoak izanen dituzu lagun, irekiera baino lehen Herriko Etxeko plaza girotzen, eta zure ondoan Leon erregeak euskaraz ere emango die irekiera bestei. Zer iruditzen zaizu?

Euskaldun ikuspuntutik begira, irabazi guztiak on dira hartzeko. Haatik, iraupen luzeko irabaziak izatekotan, Baionan Kantuz elkarteak lan luzea eraman du azken hamarkadetan eta beste elkarte euskaltzaleekin batera besten irekitzean beren ekarpena egiteko parada arras normala iruditzen zait. Ea antolatzaileek ondoko urteetan ere parada hori arraberritzen duten eta euskarari zor zaion lekua emeki-emeki eraikitzen…

Euskarak irekieran izango duen toki handiagoa gizartean orokorrean lortzen ari den garrantziaren erakusle dela uste al duzu?

Baliteke… baina ez nuke meritua gizartearen euskararekiko irekiduran bakarrik finkatuko. Nire ustez, euskararen alde xinaurri-lan handia eramaten duten gizon-emazte zerrenda luze batek badu bere merezimendua… Esker beroenak kulturaren aktore horiei guztiei!!!