GARA
VILLABONA

Remiren konpromisoa gogoan, «justizia eta aitortza» eskatu dute Villabonan

Villabonako jaien barruan, bere izena daraman kalean bertan, omenaldia egin zioten atzo Remi Ayestarani, hil zenetik sei urte betetzen direnean. Alkateordea izan zena Ertzaintzarekin izandako liskarraren ostean hil zen bihotzekoak jota.

Bertsolari eta dantzarien agerraldiekin batera, Saharako Gazteen ordezkaritzak hartu zuen hitza zinegotziaren figura goraipatuz, baita Gaztelekuko gazteek ere bere lana eskertuz. «Guztiok dakigu egun hartan festagunean nolako presio poliziala eta mediatikoa bizi izan zen, presio hark kendu zigun Remi», salatu zuten Remi Gogoan ekimeneko ordezkariek. «Gertatutakoaren inguruan argi guztia» eskatu zuten, baita «erantzuleek dagozkien ardurak beren gain hartzea» ere.

Familia, «minduta»

«Bada hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia», esan zutenez, eta «justizia, errekonozimendua eta erreparazioa oinarri dituen aitortza» exijitu zuten. Era berean, EAJko alkatearen jokabidea kritikatu zuten, omenaldia jai egitarau ofizialetik kentzeagatik. «Gurekin ez da oraindik inor harremanetan jarri zergatiak azaltzeko», adierazi zuten, eta gaineratu zuten erabakia «zauriak ixteko bidean traba baino ez dela».

Mikel Ayestaran Remiren anaiak EAJren jarrerarekin «harrituta eta minduta» dagoela onartu zuen, eta jasotako herri babesa eskertu zuen.