Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Saria

Interes handia piztu du aurtengo Man Booker sariak. Duela egun batzuk eman zituzten ezagutzera sariketako epaimahaiak hautaturiko hamahiru lehiakideak, eta haien artean Erresuma Batuko idazleak ez ezik, Irlanda, Nigeria, Zeelanda Berria, India eta Ameriketako Estatu Batuetako egileak agertzen ziren. Sorreratik Man Booker sariak Commonwealth barruko herrialdeetako, Irlandako eta Zimbabweko, hots, garai batean ofizialki britaniar inperioaren parte ziren lurraldeetako idazleen lanak soilik kontuan hartzen zituen. Baina gauzak aldatu egin ziren iaz. Lehen aldiz, ingelesez idazten duten nazionalitate orotako idazleen lanak hautagai izan ziren 50.000 liberako ordainsarirako. Baldintza bakarra zen lana Erresuma Batuko argitaletxeren batek kaleratu izana. Aurten bigarren aldia da Man Booker sariak bere ikuspegia zabaltzen duena. Sariaren garai berrietara egokitzeko ahalegina goraipatu dute batzuek; kalitatezko literaturak nazionalitaterik ez duela eta oraingo irizpideak horren froga garbia direla diote. (Dirudienez kalitatezko literaturak hizkuntza jakin bat du, baita argitaratze esparru jakin bat ere, baina hori ez zaio inori axola. Gora multikulturalismoa!). Eszeptikoek, ordea, sariaren edizio berria estatubatuarrentzako garaipena dela uste dute, aurtengo hautagaietatik bost baitira nazionalitate horretakoak. Hamarkada erdi betetzera doan saria zein xederekin sortu zuten gogoratzea komeni da agian, britaniar argitaletxeen salmentak igotzeko alegia, eta horretan asmatu egin du bete-betean.