Arantxa MANTEROLA
BAIONA
PEÑAK

Haiz Egoa, kanta bihotzean

Lagunarteko giroarekin batera, kantuan gozatzen dute Haiz Egoa peñako kideek. Duela hogei urte pasa sortu zen elkartea eta egun 45 kide ditu. Ezer galdetu aurretik, Jean-Marc Abadie bertako kideak berak adierazi digunez, «gurean ere gizonezkoak soilik gaude», elkartearen oinarrian, gizonen abesbatza baitago: «Gizon ahotsekoa izaki arren, badugu gitarra jotzen duen musikari emakumezkoa eta abeslari oso ona den beste bat, Maialen Errotabehere hain zuzen ere», azaldu du Abadiek.

Beren kanturako trebezia agerian utzi dute argitaratu dituzten bi CDetan. «Lehena duela bost bat urte atera genuen eta bestea, orain urte eta erdi Maialenen zuzendaritzapean. ‘Uzta’ du izena eta zinez ederra da. Aniztasuna islatzen du eta bertan Mohammed Boujalal abeslari marokoarrak ‘Txoria txori’-ren bertsio berezia egin du, lautearekin eta guzti». Belaunaldi gazteenei ere kantu zaletasunerako ziztatze aldera, iaz haurren abesbatza sortu zuten 25 haurrekin.

Euskaraz ere bai

«Haiz Egoako kide asko ez dira euskaldunak, baina emeki-emeki euskara bere lekua hartzen ari dela nabarmendu du Abadiek. «Abesbatzaren kantuen erdia euskal kantuak dira. Karrikan abesten ditugunean, aurretik aurkezpen bat egiten dugu» gaineratu du, uda partean hilean bitan Espainiako Atean emanaldiak eskaintzen dituztela azpimarratuz.

Euskara sustatzeko beste ekimen batzuk ere egiten dituzte. Esaterako, aurten Korrikaren karietara, kilometro pare bat erosteaz gain, Pintxo Korrika antolatu dute eta urritasunak dituzten haurrei Seaskan euskarazko eskolaratzea bermatzeko Integrazio Batzordeari ere sostengua ekarri izan diote, karrikan kantatuz bilduriko dirua emanez.

Urteetan Haiz Egoak Errobi erreka ertzean izan du egoitza. Duela urte eta erdi, ordea, Espainiako Atearen inguruan dauden harresietako casemate batera pasa ziren. «Bleu Blanc elkarteak ez zuen gehiago erabiltzen eta Herriko Etxeak guri utzi zigun. Dena berritu genuen», kontatu digu. Alta, elkarte gehienak ez bezala, udalari alokairu bat ordaintzen diote. «Gure hautua izan zen. Uste dut hilabeteko saria pagatzea galdegin diogun lehenak, eta beharbada bakarrak, garela. Guretzat filosofia kontua zen, ez baitugu ulertzen nolatan, ezeren truke, publikoa den toki bat erabiltzen uzten duten», azaldu du.

Arautzeko premia

Hainbat peñak Baionako bizitza sozial edo kulturalean beren ekarpena egiten dutenik ez du ukatzen Abadiek, baina ez du konprenitzen hainbeste urte eta gero oraindik ofizialki deus arautua ez izatea: «Ez da fitxik idatzia, ez hitzarmenik, ez deus eta, finean, lokal publikoak dira. Hori dena mahai gainean ezarri beharko litzateke, baina Herriko Etxeko agintariek ez diote gaiari heltzen. Duela 20 urte hasi ziren harresietako gune horiek talde hari eta besteari doan uzten, batzuetan adiskidekeriagatik, eta orain hala daude gauzak».

Aurten Herriko Etxeak segurtasuna bermatzeko eta alkoholaren salmenta legeztatzeko hartu dituen neurriak ontzat ditu: «Desmartxa legal horiekin erabat ados gara. Segurtasuna bermatu behar da. Azken urteetan festetan taberna zabaltzeko baimenik ez zen, baina bakoitzak nahi zuena egiten zuen».

Haiz Egoak ere bere casematea zabalik du festetan, arratsaldeko 19.00etatik goiti.