Ainize BUTRON
BAIONA

Iruñea-Baiona lotura indartuz

Joseba Asiron Iruñeko auzapeza izan zen atzo Baionan. Urtero Lapurdiko hiriburuak Iruñearen eguna ospatzen du igandean, eta, atzo, bi auzapezek hitzartze bateratua egin zuten, bi hirien arteko senidetzea indartzeko beharra nabarmenduz. Asironek harremana urte osora eta bizitzako alor guztietara hedatu behar dela esan zuen.

Iruñearen eguna ospatu zen atzo Baionan eta Nafarroako hiriburutik hamabi lagunez osaturiko ordezkaritza jin zen Lapurdiko hiriburura. Joseba Asiron auzapezarekin batera, zortzi zinegotzi zeuden, horien artean, UPNko bost kide, PSNko bi eta Geroa Bai-ko bat.

Delegazioak hiriko kaleetan ohiko desfilea egin zuen Baionako hautetsiekin batera, eta ordu bata aldera herriko etxera hurbildu ziren. Bertan, Jean-Rene Etchegaray eta Joseba Asiron bi hirietako auzapezek hitzartze bateratua egin zuten. Lehen hitzak euskaraz egin zituzten, bertaratutako guztiei ongi etorria emateko. Biek ala biek Baiona eta Iruñearen arteko harremana sendotzeko beharra azpimarratu zuten.

50 urteko senidetzea

Berrogeita hamar urte baino gehiago ditu Iruñea eta Baionaren arteko senidetzeak. Jean-Rene Etchegarayk bi hirien arteko senidetze «luze» hori goretsi zuen, eta, gaur egun «herri berekoak garen sentimendua» duela nabarmendu zuen. Horrekin batera Iruñeak eta Baionak kulturalki lotura asko dutela esan zuen.

Bestalde, Baionara etortzea beraien «bigarren etxera joatea» dela esan zuen Asironek. «Hizkuntza, historia eta kultur mailan gauza asko partekatzen ditugu eta, gure arteko harreman honek besta baino urrunago joan behar du», nabarmendu zuen. Horrenbestez, gaur egun jadanik finkatuak dituzten elkarlanetatik harago joateko premia adierazi zuen Asironek: «Urte osoan zehar eta arlo guztietan, elkarlana sustatu behar dugu». Bukatzeko, datorren urtean, berriz ere jaietara hurbiltzeko asmoa duela eta ordurako frantsesez hitz egiteko gai izango dela esan zuen Iruñeko auzapez berriak.