Amaia Almirall
Donostiako EH Bildu udal taldeko bozeramailea
KOLABORAZIOA

Salbearen metafora

Donostian nork hitz egiten zuen, orain arte, Salbeaz? Inork ere ez. Nork eska-tzen zuen agintarien ibilaldi hura berreskuratzea? Inork ere ez. Munilla gotzaina bera ere ahaztuta zegoen... Eztabaidarik ez, Salbeaz, eskaera sozialik ere ez, eta hara non etorri den, hala ere, Donostiako alkate jeltzalea, Eneko Goia, eta irrati bidez esan duen Salbearen segizioa berreskuratzeko asmoa duela, Donostiako lehentasun estrategikoa balitz bezala. Ondorengo egunean Bozeramaileen Batzordera eraman du gaia, eta bere gobernukideen babesa ere ez du eskuratu.

Eneko Goiak hilabete eta erdi darama alkate postuan, baina bere posizionamenduak, dagoeneko, argiegiak dira. Bere lehen erabakia ikusi besterik ez dago: atzera begiratzea eta zezenketak berreskuratzea. Eta izugarri azkar egin du, gainera, funtsezko edozein gairekin erabili ez duen abiaduraz. Animalien tratu txarrean oinarritutako ikuskizun bat berreskuratzea premiazkoa da alkatearentzat; Txomin Eneko proiektua, aldiz, ez. Kezkagarria da. Txomin Enea Donostiako, eta EAEko, etxebizitza ba- bestuen proiekturik handiena delako eta irtenbidea emango diolako uholdeen arazo larriari. Donostiarentzat lehentasunezko egitasmoa da, baina zoritxarrez, mehatxupean dago, Espainiako Auzitegi Gorenak berriki emandako ebazpen bat dela medio. Hilabete eta erdi honetan, Donostiako Udal Gobernuak ez du txintik ere esan Txomin Eneaz, eta, aldiz, korrika eta presaka ibili da zezenketak Illunbeko plazara itzul daitezen. Kezkagarriak dira oso Eneko Goiaren lehentasunak.

Iraganarekiko nostalgia hori PNV eta PSOEren arteko gobernu hitzarmenean ere nabari da. Proiektu nagusiak eta «berrienak» honako hauek dira: «metroa» eta Monpaseko pasarela. Krisialdi ekonomiko bete-betean, Bizkaian Supersurrak edo BECek eragindako diru zuloak eta, Gipuzkoan, Bidegiren zorra tartean direla, Bizkaiko diputatu nagusi berriak, Unai Rementeriak, «azpiegiturek itxaron dezakete; pertsonek ez» adierazi ondoren... harrigarria da Eneko Goiak eta Ernesto Gascok bi proiektuok, milioika euroko kostua ekarriko luketenak, ezinbesteko eta premiazkotzat jo-tzea; ingurumen bideragarritasunari edo sozialari edo eko- nomikoari buruzko azterketarik ere ez dute-eta! Ezin dira xahutu 160 milioi euro, Erdialde osoa zulatuta, Topoa Kontxako barandaraino eramateko eta lehentasunezko arazoak konpondu gabe daudela. Diru xahuketaren garaian bizi dira, oraindik ere, Goia eta Gasco jaunak. Eta enpresa jakin batzuei laguntzeko garaian ere bai. Esaterako: zergatik baimendu zuten, bestela, Zabaleta kalean, higiezin talde baten apartamentu turistikoak berriro ere irekitzea, araudi- aren eta udal teknikarien iri-tziaren kontra?

Horrez gain, oposizioko taldeok komunikabideen bitartez izaten dugu Udal Gobernuaren ekimenen berri. Zenbait ekitaldi publikotara, dagoeneko, ez gaituzte gonbidatzen (aurreko legegintzaldian alkateak Udalba-tzako talde guztiei zabaltzen zien gonbidapena). Eta are larriagoa: PNVk eta PSOEk euskara eskakizuna jaitsi dute zenbait zuzendaritzatan, beraiek aldez aurretik hautatutako pertsonak jartzeko. Iraganeko politikak.

Salbearen segizioa berreskuratzeko Eneko Goiak egindako ahalegina metafora ona da, bere Gobernuak emandako lehen pausoen adibide ezin hobea. Eta kezkatuta gaude. Ez delako gauza bera iraganaz ikastea eta atzeraka ibiltzea. Etorkizuna ez datorrelako neurrigabeko garapen zoro eta diru xahuketatik. Etorkizuna ez delako gutxi batzuen interesen defentsa. Etorkizuna ez direlako ez zezenketak ez Salbearen segizioa. Etorkizuna Donostia parte-hartzailea da, hiri ireki bat, Europari begira ateak zabalik dituena, herritar guztien eskubideak bermatu eta beren interesak defendatzen dituena, animaliak zaintzen dituena, laikotasun eta errespetu irizpideak sustatzen dituena... Badakigu denok jendartea bide hori egiten ari dela poliki-poliki.

Eta iraganarekiko joera horrek Aste Nagusian tentsiorik ez eragitea espero dugu: Piraten mugimenduari oztoporik ez jartzea, jaiak benetan denonak izatea eta hiriaren aniztasuna, baita festa ulertzeko moduari dagokionez ere, onartzea.

EH Bildun etorkizunari begiratzen diogu. Eta bide hori geure herrikideekin batera egin nahi dugu, apaltasunez eta zailtasunak eta kontraesanak gaindituz. Horregatik esaten diogu Eneko Goiari atzeraka ez ibiltzeko, alde batera uzteko zezenketak eta Salbea, eta etorkizunari begiratzeko. EH Bilduk Donostia erreferentzia bilakatzeko politikak bultzatuko ditu; Donostia ezaguna izan dadin, paisaia edo gastronomia ederra duelako bakarrik ez, baita herritar guztien ongizatea modu justu, iraunkor eta solidario batez bermatzen duelako ere. Eta hori zorrotz baina akordiorako borondatez egingo dugu. Konpromiso hori hartu dugu donostiarrekin. Eta lan hori egingo dugu datozen lau urteetan.