Amalur ARTOLA
IRUÑEA
Elkarrizketa
ARKAITZ LEON MUELA
IDAZLEA

«Kapitalismoari kritika egin diot, fantasiazko istorioan oinarrituta»

Arkaitz Leon lakabearrak (Bilbo, 1985) fantasia eta abenturazko generoa eta gai garaikideak uztartu ditu «Las tierras en juego» bere lehen eleberrian. Kontakizunak Mirthad fantasiazko mundua du oinarri: Belthrank elfoa eta bere lagunak lurren eta baliabideen banaketa duinaren alde borrokatuko dira.

Tolkienen inspirazioz, hamazazpi urte zituela ekin zion Arkaitz Leonek Mirthad sortzeari. Lurralde imajinario eta fantastiko honetan gertatzen den aberastasunaren banaketa hartu du ardatz “Las tierras de juego” idazteko. Argitalpena “Relatos de Mirthad” sagaren lehen alea da eta, bertan, elfoez eta magiaz gain, naturarekiko errespetuaz, nekazariek lurrak izateko duten eskubideaz eta bizikidetzaz jarduten da Leon. Lakabearraren eleberria Estatu espainoleko fantasiazko, zientzia fikziozko eta beldurrezko kontakizunen elkarteak banatzen dituen Ignotus sariketako finalista da.

Eleberriak 17 urterekin idatzi zenuen istorioa du oinarri. Liburuak zer du istorio hartatik eta zer gehitu diozu urteekin?

Eleberri hura erdi idatzita neukala alboratu nuen, baina bertan irudikatu nuen mundua eta zenbait ideia erabili ditut “Las tierras en juego” idazteko. Oinarria fantasiazko mundu bat bada ere, Tolkien eta 70-80ko hamarkadetan batez ere AEBetan idatzitako fantasia epikotik urrundu nahi izan dut. Horretarako, elementu garaikideak txertatu dizkiot kontakizunari. Magia eta abenturazko kontakizun honetan mundu mailan gertatzen den lurralde baliabideen banaketan aberats eta pobreen arteko bereizketaz hitz egin nahi izan dut. Fantasiazko ohiko kontakizunetan ez bezala, irakurleak iraultza industrial bat gertatu den lurraldea topatuko du; ez dut kontakizuna Erdi Aroan girotu. Liburuan aurrera egin ahala, kontakizuna ohiko fantasiatik urruntzen doa eta irakurleak, nolabait, gure mundua ikusiko du islatua.

Nola sortu zenituen pertsonaiak? Argi zenuen ze ezaugarri izan behar zituzten?

Protagonista Belthrank da, gure gizarteko alderdi kontzientziatuena ordezkatzen duen elfoa. Elfoak gizakiengandik isolaturik bizi dira baina, naturari egindako kalte baten ondorioz, haiekin harremana hasi beharko dute. Orduan ohartzen da kalte horiek ibaien kutsaduratik harago doazela: merkatariak lurraldeak eta baliabideak menpean hartzen ari dira, boterea eskuratzen, eta erregeak lurralde horiek nekazariei itzuli nahi dizkie. Zeregin hori hartuko dute beren gain Belthrank eta bere bi lagunek; informazio eskuratzen abila den Zira espioa eta gatazkan egina dagoen Grandolk itsasgizona.

Aipatzen ari zarenak kapitalismo usaina du.

Bide horretatik joan nahi izan dut, bai. Kapitalismoari kritika egiten ahalegindu naiz, baina ikuspuntu berezi batetik, ez baita ohikoa kontu horiek jorratzeko fantasiara jotzea. Kontakizuna irakurterraza, sinesgarria eta errealismora hurbiltzen dena izan dadin ahalegindu naiz.

Eleberria «Relatos de Mirthad» sagaren lehen liburukia da. Hasieratik zenuen garbi saga izango zela?

Hasierako asmoa eleberri bakarra idaztea zen, baina erdia idatzitakoan ideiak pilatzen zitzaizkidala sumatu eta liburu hori istorio osoaren zati bat besterik ez zela izango konturatu nintzen. Agian, ausartegia da idazten hasi eta saga bat planteatzea, baina horrela irten zitzaidan. Lehen liburuan, erregeak lurrak herriarentzat nahi ditu, baina beste lurraldeetan ez da hala; bigarrenetik aurrera, pentsamolde hau beste lurraldeetara hedatzen ahaleginduko dira.

Bigarrena noizko?

Ez dago data finkorik, baina jendea eskatzen ari zait eta urte amaierarako egotea nahi nuke. Beranduenez, urte hasierarako. Jada idatzita daukat, baina oso perfekzionista naiz eta behin eta berriro irakurtzen ditut... Orain hirugarrena idazten ari naiz eta bigarreneko zenbait kontu aldatu ditut, idazten ari naizenak aurrekariak izan ditzan (barreak). Kosta egiten zait liburu bat amaitutzat ematea.