Iraia OIARZABAL
DONOSTIA

Aldi baterako kontratuen eraginez, langabeziak behera egin du uztailean

Uztaila hilabete ona izan ohi da langabezia datuei dagokienez, udako kontratazioek langabe kopurua jaistea ahalbidetzen dutelako. Hala, Hego Euskal Herrian 196.203 langabe zenbatu dira hilabete horretan, aurrekoan baino 3.613 gutxiago. Jaitsiera horren atzean aldi baterako kontratazioak nagusitzen dira, guztira sinatutako 117.169 kontratuetatik 111.215 aldi baterakoak baitira. Horiek horrela, enpleguaren kalitatea eta egonkortasuna ezbaian daudela salatu dute sindikatu nagusiek.

Hego Euskal Herrian aurreko hilabetean baino 3.613 langabe gutxiago daude Enplegu Ministerio espainolak atzo kaleratutako datuen arabera. Hala, 196.203 pertsona dira langabezian daudenak, %8,38 gutxiago aurreko urteko uztailarekin alderatuz. Datuok azken hilabeteetako beherako joerarekin bat datoz, nahiz eta hein handi batean udarari lotutako kontratazioek bultzatutako jaitsiera izan.

Herrialdekako datuei erreparatuz gero, guztietan izan da langabe kopuruaren jaitsiera. Araban izan da nabarmenena, %2,46koa hain zuzen. Uztailaren amaieran, langabezia erregistratua 25.148 pertsonakoa zen herrialde honetan, aurreko hilabetean baino 634 lagun gutxiago.

Gipuzkoan, 903 langabe gutxiago (-%2,09) zeuden epe berean. Herrialde honetan 42.247 pertsona ari dira lan bila.

Bizkaian, 1.495 pertsona atera ziren langabeen zerrendatik uztailean, hau da, %1,70 jaitsi zen tasa. Enplegu bulegoetan izena emanda 86.478 lagun daude.

Jaitsierarik apalena Nafarroan izan da, %1,35 jaitsi baita langabezia tasa. Hau da, 581 pertsonak aurkitu zuten lana uztailean, eta oraindik 42.330 pertsona daude lanik gabe.

Iazko datuekin alderatuta, nabarmenagoa izan da jaitsiera herrialde guztietan: Nafarroan, %9,45; Gipuzkoan, %8,35; Bizkaian, %8,01 eta Araban, %7,84.

Gizarte Segurantzako afiliazioei dagokienez ordea, igoera apalagoa da, %2,15ekoa iazko uztailarekin alderatuz. Guztira 1.152.961 pertsona daude bertan izena emanda, aurreko hilabetean baino 450 gutxiago.

Sektoreei erreparatuta zerbitzuetan sortu da enplegu gehien, nahiz eta guztietan izan den igoera.

Aurreko hilabetearekin alderatuz, 1.802 kontratu gehiago sinatu dira. Sortutako enpleguaren izaerari dagokionez, aldi baterako kontratuak dira nagusi. Guztira sinatutako 117.169 kontratuetatik 111.215 aldi baterakoak dira.

Era berean, aurreko hilabetearekin alderatuta, sinatutako kontratu mugagabeak 516 gutxiago izan dira, eta aldi baterakoak, aldiz, 2.318 gehiago.

Iazko datuekin alderatuz, bi modalitateetan izan da igoera, nahiz eta aldi baterako kontratuetan izan den nabarmenago. Hauek 13.968 gehiago izan dira eta mugagabeak 590.

Bestalde, inolako prestaziorik jasotzen ez duten langabeen kopurua apur bat jaitsi den arren oraindik ere 115.689 ziren ekainean (199.816 langabetatik). Prestazioren bat jasotzen zuten 84.177 pertsonatatik, 46.280 (%54,9) kotizaziopekoak ziren.

Estatu espainolean, seigarren hilabetez jarraian egin du behera langabezia erregistratuaren tasak (%22,37koa da), 74.028 langabe gutxiago zenbatu baitira. Hala ere, 4.046.276 pertsona daude oraindik Estatuko enplegu bulegoetan izena emanda.

Egiturazko arazoa

Langabezia datuak ezagutu eta berehala sortu ziren erreakzioak. Hala, Iruñeko eta Gasteizko Gobernuek hasiera batean datuak ontzat eman zituzten, baina Uxue Barkos presidenteak enplegua kalitatezkoa izan behar dela nabarmendu zuen. Angel Toña Enplegu sailburuak bere aldetik, hobekuntza honen ostean oraindik ere gorabeherak egon daitezkeela ohartarazi zuen.

Sindikatuek prekarietateagatik eta lanpostuen kalitateagatik kezka agertu zuten eta langabeziaren arazoa egiturazkoa dela nabarmendu zuten.