Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Zintzurraren babeskia

Gepettoren panpinek bezala, metaforek ere bizitasun propioa hartzeko joera dutenez, kontuz ibili beharko da Hareazko Hesi Handi horrekin. Urte erdia baino ez da, Txina bere Hegoaldeko Itsasoaren hego-ekialdean eraikitzen ari den irla artifizialen lehen irudiak argitaratu zirenean, jeneral estatubatuar batek esapidea abiarazi zuela, eta arrunki erabilia da jada. Iradokitzen duen guztiarekin: iraganeko Harresi Handiaren antzera, egungo dinastia berri/gorriak hesi erraldoia eraikitzeari ekin bide dio, itsasoan orain... Analogia erretorikoak, ordea, deus ez ulertzera eraman gaitzake.

Horregatik nahiago dut Zintzurraren Babeskiaz hitz egin. Garai bateko armadurak janzterakoan lehendabizi ipini beharreko osagaia izaten omen zen lepoaren babeskia; gorputz atalik arriskutsuena estaltzen zuen, eta haren gainetik ipintzen ziren bularralde, besaburu eta gainerakoen estalkiak... Babeski haren izena ere ia galduta dago egungo hizkuntza europarretan: gorjal, gorget, gorgiera…

Asia hego-ekialdeko itsasarteetan dauka lepoa egungo Txinak, eta oso bereziki Malakako pasabidean: zintzur horretatik bideratzen dira bere ekonomiaren joan-etorri nagusienetako asko. Spratly uharteetan txinatarrak arrapaladan suntsitzen/eraikitzen ari diren irlen mapa begiztatzea aski da Hainanetik mila milia hegoaldera horrelako langintzari ekitearen benetako helburua zein den usaintzeko: zintzurra babestu behar larrian sentitzen dira. Eragozpen politiko-diplomatiko potoloen gainetik.

Lekua adierazkorra bada, are esanguratsuagoa egiten baitzait garaia. Luzaro hausnartu eta prestaturiko egitasmoa dirudien arren, iazko udaberrian hasi izango ziren lanak. Hau da, MH370 hegaldia desagertu eta aste gutxira. Eta gogoan izan behar da nolako adarjotzea egin zitzaion Txinari kasu haren hastapenetan, bilatze lanak (nahitara?) okerbideratu zirenean. Kokondoak baino lehen, irla sorberri horietan radar erraldoiak erneko direla apustu egingo nuke.