Joseba Felix Tobar-Arbulu
Ingeniaria
KOLABORAZIOA

Hego Korea: bide desberdin bat

Albistea: Bill Mitchell-en “South Korea shows us a different way”. Gutxienez albiste on bat: Koreak Mers birus izurriteari aurre egin dio. Hego Koreako Finantza ministroa arin konturatu zen ezen Mers birus izurriteak haien ekonomiarako ondorio negatibo adierazgarriak izan ahalko zituela. Hego Koreako ekonomia esportazio gutxiago izatearekin eta barneko eskari lauarekin borrokatzen ari da, familien aurrezkiak handitzen diren heinean. Mers izurritearen eraginik garrantzitsuena turismoan izango zatekeen, ekonomiaren datu batzuk kezkagarriak ziren bitartean.

Finantza ministroa ondoko ondoriora iritsi zen, “Current Economic Situation, July 2015” delakoan: «Hego Koreako Gobernuak neurri pizgarriak ezarriko ditu aurrekontu osagarri bat barne, eta, inbertsioa sustatzeko, esportazioak areagotzeko eta turismoa suspertzeko ahaleginak egingo ditu». Alegia, ekonomiaren jaitsiera txiki batek Hego Koreako Gobernutik berehalako erantzun fiskala probokatu zuen, makroekonomiako testu sentikorraren ikuspuntuari segituz; «zikloaren kontrako neurri gisa sektore pribatuaren konfiantza galera garrantzitsu bat eta atzeraldian erortzen saihesteko ekonomia estimulatzea».

Erantzuna honako hauxe: «Hego Koreako Gobernuak iragarri zuen gastu publiko netoa handituko zuela 22 trilioi wonetan (hau da, 19,8 amerikar bilioi dolarretan). Pizgarri fiskalaren ondorioz, Gobernuaren hitzetan, «defizit fiskala handituko da 0,9 puntutan, barne produktu gordinaren %2,1etik barne produktu gordinaren %3ra».

Oso argi izan dute afera: nahiz eta ekonomiaren jaitsierak zerga errentak murriztu («by 4,9 trillion»), horrek ez zuen ekarri gastu publikoa murrizteko beharra. Alderantziz, gastu publikoaren handitzea beharrezkoa zen, «esportazio-sarreren eta barneko gastu pribatuen jaitsierak utzitako gastu hutsunea betetzeko».

Honela bukatzen du finantza ministroak: «Aurrekontu gehigarriak ekonomia bizkortuko du eta Mers delakoaren kutsatzetik gehien eragindako jende arruntaren bizitza egonkortuko du».

Beraz, adi mezuari! Hego Koreako Gobernuaren erantzuna da moneta jaulkitzailea den edozein gobernuk egin beharko lukeena, ez-gobernuko gastu hazkundea moteltzen denean eta jarduera ekonomikoa jaitsi eta langabezia igotzen denean. Hego Koreako Gobernuak ahalbidetu du bere defizit publikoa igotzea (gastu publiko netoa handitzea). Izan ere, berak badaki gastuak errenta berdintzen duela, eta, baldin eta ez-gobernuko sektoreak bere gastua murrizten badu, orduan parte har dezakeen sektore bakarra gobernu sektore da. Badakite defizit fiskalaren igoerak sortuko duen jarduera ekonomikoak errenta pribatu handituak hornituko dituela, lanpostu gehiago eta «berehala ondoeza etetea».

Hitz gutxitan: (i) Haien jendeaz arduratzen dira eta badakite zer-nolako kalteak eragiten dituen langabeziak. (ii) Ez daukate inongo ratio fiskalik zein zor ratiorik lehenetsita. Arduratzen dira hazkunde ekonomikoaz, errenta nazionalaren gehikuntzaz eta langabezia tasa baxuari eusteaz. (iii) Kezkatzen dira «langile klaseaz»!

Konparatu goiko jarrera Greziakoarekin:

–Grezian, «austeritatearen fanatikoek aldaketa fiskalik handiena kausatu dute (%20,5, 2009-2014 tartean)».

–Hego Korean, «tarte berean defizit fiskala handitu zen, eta, ondorioz, krisiaren epean, langabezia ez zen %4tik igo».

Hego Korean ezarritako politika makroekonomikoaren ikuspuntuaren eta Europar Batasunean nagusi den austeritate maniakoaren arteko kontrastea ezin da espantuka azaldu: biek dauzkate oinarri ekonomiko zehatzak. Hego Korea eta Grezia bi eredu oso desberdin dira: bata, moneta subiranotasuna izanik, ekonomian ongi samar aritzen den bitartean, besteak, “Eurolandiako” infernuan segituz, erabat itota bukatuko du.

Ikasiko ote dugu inoiz zertan zetzan Grexit delakoa?