Joseba Felix Tobar-Arbulu
Ingeniaria
KOLABORAZIOA

Europako ezkerraz hitz ez aspertu batzuk

Randall Wrayk dioenez, «...hala ezkerra nola eskuina, biak, espektro politiko osoan zeharreko ekonomialariak eta politikariak bezalaxe, ez dira konturatzen dirua monopolio publikoa denik». Hurrengoan ikusiko dugunez, ondorioak larriak dira oso.

Ez omen dago ezker/eskuin desberdintasunik progreen artean. Okerrago, Euskal Herriko indar politiko batzuk oraindik liluratuta daude bluff hutsa den espainiar talde politiko batekin. (Laugarren karlistadaren aurrean ote?) Esan dezagun argi: esker/eskuin ezberdintasunik badago egon, noski.

Noiz hasi zen «ezkerra» maldan behera? Ezkertiarrak hasi zirenean defizit publikoez hitz egiten, eta Europar Batasuneko neurri sakratua bete nahi zutenean, alegia, BPGren eta defizitaren arteko ratioa %3ra itsatsi nahi zutenean, eta aldi berean, austeritatearen aurkako etengabeko aldarrikapenak eginez.

Warren Mosler-ek aspaldian erakutsi zuenez, urtero Europako Banku Zentralak BPG osoaren %10eko euro ordainketak luzatu ahal dizkie eurokideak diren gobernuei, per capitako oinarrian. Oharra: EBZko teklatu baten bidez egin daitezke horrelako ordainketak eta finantzaketak. Kostua zero da.

Bestalde, merkatu espekulatiboen transakzioak amaitu egin behar dira: isunekin edo zerga gogorrekin. Afera ez da, berez, aberatsek gehiago ordain dezaten, gobernuak dirua eduki dezan. Solbentzia, malgré progre guztiak, ez dagokio zergen sistemari.

Eta tartean Greziako desastrea gertatu da. Baina Syriza ezkertiarra zen, definizioz noski. Beraz, Syrizak harturiko neurri ia guztiak txalogarriak ziren. Hala ere, ondorioak eta emaitzak ezin kaltegarriagoak dira. Baina, lasai, Greziak paradisuan, Eurolandian segitzen du, «haren» moneta euroa da. Grexit eta drakma moneta berriz erabiltzea hondamendia zen. Hortaz, zergatik kexatu?

Kexa? Syrizak, oro har, bere buruaz beste egin du, malgré hemengo progreak, politikariak ekonomialariak, kazetariak eta sasi ezkertiarrak. Izan ere, troikak austeritatezko indar basatia erabili du Grezian, EBZk bere existentziaren terminoak bortxatuz, Greziako banku-sistema finantzazko ezegonkortasun masibora bultzatu zuenean eta ekonomia likidezia murrizketak direla medio ekonomia geldiarazte batera eraman.

Syrizaren lidergoa ez zen gai afera zuzentzeko... hau da, beste plan alternatibo bat martxan jartzeko, zeinak EBZren hertsikeria zapuztuko zukeen eta adieraziko zukeen eurogunetik irtetea litekeena zela eta onuragarriagoa bertan segitzea baino.

Badirudi Syrizak ikasi duela, alegia, ohiko politika «ezkertiarra» bukatu zela eta Kapitalismoaren presio globalek gobernuak behartzen dituztela merkatu indarrak bultzatzeko baliabideak esleitzearren eta zigortzen dituztela ezinbestekoa bide den «behar» horri aurre egiten saiatzen diren gobernuak.

Syrizak onartu behar zuen errealitate berria: berak nahi baldin bazuen eurogunean geratzea eta atzerritar moneta bat (euroa) erabiltzen segitzea, orduan ahalmen gutxi zeukan Bruselan, Frankfurten eta Washingtonen (NDFren bidez) dauden teknokratek jarritako neurritik independenteki aritzeko. Ez zuen irakatsi ezer moneta jaulkitzaileko gobernu batek dauzkan ahalmenak barneko politika progresiboa artikulatzeko eta inplementatzeko. Syrizak amesgaitzari aurre egin ahalko zion eurogunetik alde eginez eta bere politika independentea berreskuratuz, eta noski, horrekin batera Job Guaranttee izeneko programa bat martxan jarriz ere bai.

Ezkerra ala eskuina? Oraindik badaude ezker/eskuin desberdintasun argi batzuk. Gobernu ezkertiar batek: (I) ez lituzke onartuko langabezia txartuko lituzkeen politikak; (II) ez lituzke onartuko gehien beharturiko hiritarren bizitza-estandarra txartuko lituzkeen politikak; (III) ez lieke erasoko ongizate sozialeko programei, barne erretiroak, alokairu minimoak eta etxebizitzarako diru laguntzak; (IV) ez lituzke murriztuko lan babesak; eta (V) ez lituzke pribatizatuko funtsezko zerbitzuak (energia, garraioak eta abar).

Ezkertiarra bide zen Syrizak puntu horiek guztiok ez ditu bete! Europako sasi ezker guztiak bereak egin du. Nondik etor daitezke haize berriak?