Joxean AGIRRE

TXIKI SENTIARAZTEN GAITUEN BIOGRAFIA, KOLDO MITXELENARENA

Jakituria zabalekoa, nortasun handikoa, jenioz bizia, aro berri bat zabaldu zuen euskal hizkuntzalaritzan eta baita Euskaltzaindiaren historian bertan ere. Euskara batuaren oinarriak ezarri zituen. Mitxelenaren bizitzak badu aro epiko bat ere, gerra garaikoa.

Gaur ehun urte jaio zen Koldo Mitxelena, Euskal Herriak eman duen hizkuntzalaririk handiena. Martin Ugaldek (“Hablando con los vascos”) eta Eugenio Ibartzabalek berari eskaini zion liburuan elkarrizketa luze bana egin zioten, baina Koldo Mitxelenaren bizitza txiki sentiarazten gaituzten horietakoa da eta biografia lodikote bat idazteko balioko luke.

Baluke biografia horrek aro epiko bat, gerrari dagokiona. Hogeita bat urterekin joan zen gudari, uniformearen ordez buzoa eta fusilaren ordez eskopeta bat zeramala, eta sorterritik gertu, Usurbilgo Andatza mendian, jaso zuen suaren bataioa. Bere kideek kontatzen dutenez, Bizkaiko lubakietan, fusila zuen dagoeneko eskuetan, baina sakelan latinezko gramatika bat eta Lizardiren poema liburua zeramatzan gordeta eta tiro saioen artean, atsedenaldietan, bi liburu horietako bat irakurtzen aritzen zen. Santoñan preso hartu zutelarik, heriotzara kondenatu zuten. El Dueson, Larrinagan eta Burgosen egin zuen espetxealdia.

Saiatu zen ikasketa unibertsitarioei heltzen, baina ezinezkoa izan zuen. Burgosen igaro zituen bost urteak latina, grekoa, frantsesa eta ingelesa ikasteko baliatu zituen. Errenteriara itzuli eta zituen aurrekari penalak tarteko ezinezkoa zitzaion lan finko bat aurkitzea. Eskualdeko ikastetxeetan latina, matematikak eta zernahi den erakusten ibili ondoren herriko enpresari batek Madrilen eskaini zion lana, baina Galeuska berrantolatzen hasi zirela-eta, bigarrenez eraman zuten espetxera. Baluke, beraz, biografia horrek atal bat klandestinitateari eskainia ere, arriskuz eta intrigaz josia, ezezagunagoa.

1948an atera zen kartzelatik, Matilde Martinez de Illarduyarekin ezkondu eta libretik matrikulatu zen Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Filosofia eta Letrak fakultatean. Ohitua zegoen Koldo Mitxelena lan eginez ikasten, Batxilergoa ere horrelaxe bukatu baitzuen 1935ean. Ohorezko aipamenarekin atera zuen lizentziatura. Manuel Agud Querol filologoak elkarrizketa batean esan zuenez, unibertsitate horren historian matrikula librearekin lortutako ohorezko aipamen bakarra izan zen. Ordurako Madrilen jarrera arras ezberdinetako jendearekin harreman estuak zituen unibertsitate giroan, Antonio Tovar, Amoros, Manuel Agud Querolekin berarekin, hiru bakarrik aipatzearren.

1952an euskaltzain

«Lubakietan latina eta espetxean hizkuntzak ikasitako hizkuntzalaria zen, neurri handi batean autodidakta, beraz. Jakituria zabala zuen eta jakin-min izugarria. Nire anaia Xabierrek Ekonomia ikasi zuen Bilbon eta bazuten Analisi Matematikoak ematen zuen irakasle bat. Harekin joan omen ziren behin multzoen teoriari buruzko hitzaldi batera eta han agertu omen zen Mitxelena izeneko tipo bat, galderak egiten hasi eta bertan bildu zirenei mila buelta ematen zizkiena. Oso ikuspegi zabala zuen. Chomsky ere berak ekarri zuen inguru hauetara. Hizkuntzalaritza teorikoan, metodo konparatiboan, protohizkuntzei buruz egin zituen lanak atzerrian irakurri egiten zizkioten. Pertsonaia apasionantea da Mitxelena», dio hura ezagutzeko arrazoi asko dituen Ibon Sarasolak, harekin lanean urte asko emandakoa baita.

Euskararen arloan etapa berri bat zabaldu zuen Mitxelenak, Sarasolaren ustez: «Mende hasieran euskalaritza mugitzen hasi zenetik bi eratako jendea zegoen gure artean: euskara ondo ezagutu bai baina hizkuntzalaritza eguneratu gabe zutenak, batetik; eta bestetik, hizkuntzalaritzan punta-puntan zebiltzanak baina euskara menderatzen ez zutenak. Mitxelenak formazio zientifikoa eta euskararekiko ezagutza batu zituen».

Mitxelena 1952an sartu zen Euskaltzaindian eta oso urte gutxira Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés hiztegiaren bigarren argitalpena prestatzeko agindua eman zioten. «Agindu hori zela medio hasi zen Mitxelena hiztegigintzan. Bera bigarren edizioa prestatzen ari zela, Retanak lehena bere horretan atera zuen euskaltzain bakan batzuen laguntzarekin eta orduan erabaki zuen Euskaltzaindiak zerotik hastea. Nik 70 inguruan ezagutu nuenerako urte asko zeramatzan Orotariko Euskal Hiztegia osatzeko fitxak egiten. Zapata kaxa pila zuen fitxaz beteta. Handik urte batzuetara gure taldera errenteriar bat sartu zen, Fermin Larrea izeneko informatikari oso on bat, eta fitxak ikusi zituenean harrituta geratu zen. ‘¡Si Matilde nos invitaba a merendar y nos ponía a confeccionar estas fichas!’ esaten zuen, nonbait liburu eta aldizkarietako testuak itsatsi behar izaten zituzten orrietan. Koldo Mitxelenak berak mozten zituen eta emazteak jartzen zuen jendea fitxak egiten. Gero, fitxa horietako bakoitzean aurkitzen zituen beste hainbat erreferentzia kopiatuz joaten zen eta azkenean ez zegoen hura ulertuko zuenik. Alde horretatik oso kaotikoa zen, fitxa bakoitzean dozena bat gezi jartzen zituelako eta beste hainbat erreferentzia. Informatikaren erabilerak berrikuntza bat ekarri zuen, baina garrantzitsuagoa izan zen Mitxelenaren planteamendu berritzailea, euskarazko testu produkzio osoa hartu baitzuen Orotarikoak», dio Sarasolak.

Nola zegoen hiztegigintza une horretan Europan? Sarasolaren ustetan, ikuspegi eta bitarteko hauekin hiztegi bat egiten lehenetakoak izan ginen, «halaxe suertatu zelako».

Gandiagarekin kantuan

Salamancan urtebete eman zuten elkarrekin, etxe berean biziz, eta Gasteizen EHUren sorreran ere elkarren ondoan ibili ziren. Euskara batuaren sorrerako batzarretan ere elkarrekin ziren. «Bera EAJko guardia zaharrekoa zen eta kontuan izan behar da alderdiko jende gehiena kontra izan zuela. Gerora, Eusko Jaurlaritza eratzen denean egia da ez zela izan zalantzarik, baina horretan pertsona giltzarria Pedro Migel Etxenike izan zen. Garaikoetxeak Etxenike Kulturan jarri beharrean guardia zaharreko beste norbait jarri izan balu, euskara batua ez zen aurrera aterako, irakaskuntzari esker atera zelako aurrera neurri handi batean. Ondoren, ‘Deia’-k eta ‘Egin’-ek batuaren aldeko hautua egin zuten eta horrek ere eragin handia izan zuen», gogoratu du Sarasolak.

Arantzazuko batzarretara Arestirekin joaten ziren Sarasola eta Saizarbitoria. Eta han zegoen tentsioaz gogoratzen da orain. Giroa pixka bat baretze aldera behin Gandiagak kantuan jarri omen zituen. Euskaltzain ez gutxi kontra zeuden. Egoera hain muturrera iritsi zen, non horietako bat, Anizeto Zugasti apaiza, erakundetik botatzera iritsi ziren. «Interesgarria izango zen batzar horietako kronika humanoak egin izan balira», dio.

Gutxiago, baina Anjel Lertxundik ere harreman dezentea izan zuen Mitxelenarekin eta harreman estuagoa bere obrarekin, haren euskarazko prosaren antologia bat prestatu baitzuen “Koldo Mitxelena gure artean” izenburuarekin. «Batuaren aurretik batuaz idazten zuen berak, ortografia mailako huskeria batzuk gorabehera. Aresti euskara baturako proposamen bat lantzen ari zen bezalaxe, Lizarragan oinarritua, izen-abizenak jartzen hasita, Koldo Mitxelenak etiketarik erabili gabe baina praktikan proposamen bat plazaratu zuen, hain zuzen ere gero aurrera aterako zen bidea», dio Lertxundik.

«Bere idazteko ereduak erdarazkoak ziren noski, baina diskurtsoak euskarara ekarri eta erritmo bat ematen saiatzen zen eta asmatu egiten zuen, hain zuzen ere oraindik asmatzen ez dugun horretan: diskurtso luze batean hizkuntzak berak ematen dizkigun arnasaldiak aurkitzen. Jario itxuraz natural hori lortzen zen oso ona», gogoratu du.

Zinema eta literatura ziren Koldo Mitxelenaren arlo kutunetako bi. Gogoratu behar da Donostiako Zinemaldian epaimahaiko izan zela 80ko hamarkada hasieran. Literaturaz ere, bestalde, «oso jantzia zen. Nik askotan esan izan dut bere ‘Historia de la literatura vasca’ liburuan ez dagoela esaldi bakar bat sobera, ez dago batere erretorikarik eta lehendabiziko aldiz euskal literatura Europako testuinguruan kokatzea lortzen du, gure produkzioa garaian garaiko mugimendu eta korronteen baitan jarriz. Harrigarria da zenbat informazio zuen garaiko literaturaz».

Koldo Mitxelena ezagutu zuten guztiek bezala, Anjel Lertxundik ere hari buruzko hainbat pasadizo kontatzen ditu. Ramon Piñeiro galegistak kontatu omen zion iheska ibili zen batean Koldo Mitxelenari deitu eta honek nola lagundu zion gauez Bidasoko muga pasatzen. Sekulako izotza egiten omen zuen eta larrialdiak igaro omen zituzten oinetakoekin hotsak ateratzen zituztelako pauso bakoitzean.