Idoia ERASO
Donibane Lohizune

Itsasotik mendira «Esperantza» eramaten duen itsasontzia

Koldo Amestoyren hitzekin eta Asisko Urmenetaren irudiekin «Esperantza, zuhaitzen itzalpea gustukoa duen itsasontzia» liburu elebiduna argitaratu dute Elkarrek eta Supasterra elkarteak. Jean-Luc Berhoren ideiatik abiatuta itsasontzi ttipi baten bidaia kontatzen du.

“Esperantza” proiektua definitzeko balio duen beste hitz bat “utopia” da. Izenburuak sentimendua helarazten du, eta ezin gauzatuzko proiektu zein istorio bati lotu dakioke. Egitasmoaren sorrera Jean-Luc Berhoren eskutik heldu da. Inxausetako Jardunaldiak antolatzen dituen Supasterra elkarteko presidentea da bera, eta urtero etxebizitzari buruz Bunuzen goi mailako politikari, enpresari eta adituak elkartzen dituen ekitaldian bakuntasuna landu nahi izan du aurten, ministroak, bankariak... itxaropenari buruz interpelatuz artearen bitartez.

Intxaur oskolaren parekoa den ontzi-bidaiariaren berri emateko Berhok Koldo Amestoyren eskuetan utzi zuen hitzak josteko ardura, eta honek Asisko Urmeneta hartu zuen bidelagun. Supasterrako presidentearen hitzetan, Berho «teknokrataren» idazkera Amestoy «ipuin kontalariarena» bilakatu zen, eta Urmenetaren irudien bidez denak «eztanda» egin zuen. Elkarreko Peio Etxeberri-Aintxartek aurkezpenean azaldu zuenez, «proiektu politiko eta artistikoaren artean sortzen dena utopia deitzen da».

Politikatik artera

“Zuhaitzen itzalpea gustukoa duen itsasontzia” da “Esperantza”. Barku txikiari segituz irakurleak utopia errealitate nola bihurtzen den deskubritzen du. Izan ere, Arbailako oihaneko haritz bat itsasontzi bilakatzen da mundua ezagutzeko nahia betetzeko. Begiko mutila gidari, eta Amandrea jainkosa sortzaile eta zaindari, bidaia abiatzen du.

«Zuhaitzen pistatik herrietan gaindi badabil, hango eta hemengo gizakien hatzak segituz, joera alternatiboak agerraraziz, egintza kaltegarriak salatuz, baliogabeko egitasmoak desbideratuz...», bidaiatzen du “Esperantza”-k. Itxaropenaren bidean garamatzan metafora gisara azaldu zuen Amestoyk: «Esperantzaren gidariak zuhaitzen bidea hautatu du, azpian pertsonak gordetzen dituena». Horrela, obrak gure mundua ulertzeko modu bat helarazi nahi du, baita aukerak badirela ere «gure geroa galtzera ez uzteko».

Bidaiez unatua, itsasontziak Arbailetara itzuli nahiko du, bertako jendea ezaguna baita zuhaitz bat moztean beste lau landatzen dituelako. Berriz basoetan murgildu nahi du, gizakiek itsasoa nola tratatzen duten ikusita, bestelako zerbait atzeman nahian.

Ideiak irudi bilakatuz Urmenetak eginiko lana deskribatu zuen Amestoyk: «Zentzu oneko zerbait ikusten da ipuin baten formapean: politika, ekonomia, borroka kolektiboa... mezu baikorra». Horren gauzatzeko argazkiak, irudiak eta bien arteko nahasketak baliatu ditu liburuaren diseinuan. Irudi «moderno eta artisaua» sortu nahi izan du Urmenetak.

Proiektuaren oinarrian den «filosofia orokorretik» helarazi nahi den mezuaren egokitasuna azpimarratu zuen Etxeberri-Aintxartek: «Garapen jasangarria, ekologia... liburu baten eta ikuskizun baten bitartez helaraztearen edertasuna».

 

Liburua ikuskizun bihurtua Bunuzen

“Esperantza” liburuaren proiektua Bunuzetik heldu da eta Bunuzera bueltatuko da abuztuaren 28an ikuskizun bilakatuta. Urtero etxebizitzaren gaia goi mailako adituekin jorratzen duen Inxausetako Jardunaldiko sortzailea den Jean-Luc Berhok, bertan jorratzen den pragmatismoari «utopia» ukitu bat eman nahi izan dio.

Koldo Amestoy ipuin kontalaria izanik, idatzi duen obra jendaurrean aurkeztuko du, eta Asisko Urmenetak liburuan irudikatutako mundua agertoki gainera eramango du. Ikuskizunean, Eneka Bordato dantzariari eta Jean-Christian Irigoyen musikariari esker ere idatzizkotik harago joango da proiektua. Bidean Piarres Erdozaintzi maketagilea ere izan dute lagun.

Itsasontzi ttipiaren bidaiaren kontakizuna arrakastatsu abiatu da estreinatua izan baino lehen ere, jada beste emanaldi batzuetarako eskaerak eginak izan baitira. I.E.