Maialen ARRATIBEL
gASTEIZ

Zeraingo Basazabal gazta munduko 50 elikagai onenen artean sailkatu da

Pozarren daude Zeraingo Basazabal baserriko gaztagileak eta Artzai Gazta Elkarteko kideak. Izan ere, eurek ekoizten duten gaztak Great Taste 2015 txapelketan puntuazio gorena eskuratu du.

Idiazabal jatorri izena duen Basazabal gaztandegiak hiru izarreko domina eskuratu du Erresuma Batuan ospatu berri den Great Taste 2015 txapelketan. Epaimahiaren erabakiz, lehiara aurkeztu diren 10.000 produktuetatik 50 onenen artean dago Zeraingo gazta.

Artzai Gazta Elkarteko kide da Basazabal gaztandegia. Lortutako garaipenaren harira, Luisa Villegas elkarteko koordinatzailea hunkituta azaldu zen atzo Zerainen emandako prentsaurrekoan: «Ezuste ikaragarria jaso dugu. Parte hartzaileen maila altua izan da, oso, eta mundu mailako 50 onenen artean sailkatu izana ‘Artzai Gazta’ markaren bikaintasunaren adierazle da zalantzarik gabe».

Munduko elikagai ekoizle «guztiek» amesten duten txapelketaren lekuko izan da Erresuma Batua abuztuan. Great Taste sariek orain dela 21 urte ekin zioten kontsumitzaileei «aparteko zaporea» duten jakien berri ematen, eta, aurten, 10.000 produktutik gora izan dira adituek itsu-dastatze bidez epaitu dituztenak. Helburua, zapore «bikainei» merezi duten balioa ematea. Sarituak izan diren produktuak, jasotako izarren arabera sailkatzen dituzte. Hala, gehienez hiru izar eskura ditzake produktu batek, eta puntuazio horrek jakia «paregabea» dela adieraziko luke. Zeraingo gaztagileen pozerako, Basazabal gazta hiru izarrekin saritu dute. Epaimahaia bera, elikaduraren lanbideari estu lotutako 400 pertsona inguruk osatu dute: chef eta ostalariak, sukalde-kritikariak, kazetariak, sukaldari goraipatuak, eta gaztagileak besteak beste. Lan orok du bere eskertza, eta hala, saridun guztiek “Great Taste” zigilua beraien produktuen ontzietan jartzeko aukera izango dute.