Mikel Jauregi
Kazetaria
IKUSMIRA

Denetik baitago... botikan ere?

Aurreneko hitzorduak zenbat iraun zuen ba? Bizpahiru minutu? Gehiago ez. Behatzeko hezurra hogei bat egun lehenago hautsita zuela eta bi makuluren laguntzaz joan zitzaizun eta, oina begiratu ere egin gabe, bendarik erretiratu ere egin gabe sikiera, bidali zenuen bueltan etxera, «zatoz bi aste barru eta orduan ikusiko dugu nola dagoen» esanez. Erdipurdiko kazetaria ere izan liteke maila horretako mediku, adiskidea!

Hamabost egunera, buelta beraz. Sartu zitzaizun gelatxoan eta... lauzpabost minutuan kanpora. «Eman diezazutela harreran ordua bi aste barrurako. Bitartean, utzi makuluetako bat eta has zaitez batekin ibiltzen. Ea ordurako zertan den, bale?». Bigarren honetan ere ez bendarik kendu, ez oinari erreparatu. «Nola zoaz» galdetuta nahikoa izan zenuen, pazienteak «hainbestean» erantzun zizun-eta. Listo! Badaezpada ere hezurra behar den bezala josten ari den begiratze hori, zertarako? Denbora galtze hutsa.

Ai, denbora! Zeuretzat, behintzat, urrearen balioa du. Hitzorduak, biak, eguerdi parterako eman zenizkioten arren, kontsultara aurren-aurreneko orduan joateko eskatu-agindu baitzenion. Jakina, zortzi-hamar bat lagun zure ate aurrean pilatuagatik, di-da horretan, azkar samar joan baitaiteke laneguna. Ohartzerako ia. Bizkorra gero...

Gure –oroitu bai, gure– osasun sisteman arduragabeok ez zenukete behar lekurik. Lanbidearekiko eta mahaiaren beste aldean eserita dagoen gaixoarekiko –eta jakina, horren denborarekiko– errespetu faltak «egun txarraren» aitzakiarik ez daukalako: eriak zuk baino okerragoa du.