Hasier Agirre
Euskara teknikaria
GAURKOA

Jugoslaviaren desegitea: mitoak eraitsiz

Kasik 25 urte joan dira Jugoslavia desegin zenetik. Oro har, literatura txar asko idatzi da desegitearen inguruan, eta horren eraginez indartu diren mito batzuk gezurtatzea gustatuko litzaidake artikulu honen bitartez.

Nork desegin zuen Jugoslavia? Milosevicen erregimenaren apologistek Mendebaldeak (Alemaniak, Vatikanoak eta NDFk, besteak beste) eragindako eta bideratutako desegitearen hainbat eta hainbat bertsio eskaini izan dituzte, konspirazio-teorietan oinarrituak denak ere. Beste ikertzaile batzuek, berriz, barruko ezinegona jo izan dute desegitearen arrazoi nagusitzat, eta Mendebaldeko indarren erantzun diplomatikoa ahula eta ez-eragingarria izan zela irizten diote. Nire ustez, askoz ere sinesgarriagoak dira bigarrenen azalpenak, federazio barruko lankidetza politiko frakasatu baten emaitzatzat hartzen baitute desegite-prozesua, konspirazio-teoria bigarren mailan utziz.

Nork izan zuen ardurarik handiena lankidetza politiko frakasatu horretan? Serbiarrek, inolako zalantzarik gabe. Askoren uste okerrak serbiarrak Jugoslaviaren eta komunismoaren jarraipenaren aldeko agertu izan dituen arren, beraiek izan ziren Titoren Jugoslaviaren eredu federala kritikatzen lehenak, eta, «iraultza antiburokratikoa» delakoaren bidez, federazioaren birzentralizazio gogor baten aldeko apustua egin zutenak.

Errepubliken eta probintzia autonomoen eskumenak parekatu beharrean, Belgraden pilatu nahi izan zuten botere guztia. Horretarako, Milosevicek behin eta berriz jarri zuen hankaz gora Jugoslaviako ordena konstituzionala: Esloveniari boikot ekonomikoa ezarri zion federazio barruan, Serbia barruko bi probintziei (Voivodina eta Kosovo) autonomia kendu zien, Montenegron bere aldekoak jarri zituen agintean manifestazio istilutsuak orkestratuta eta sekulako dirutzak hartu zituen Jugoslaviako Banketxe Zentraletik gainerako errepublikei inolako azalpenik eman gabe. Hori gutxi ez eta autonomiarik gabeko bi probintzia autonomoen botoak bere alde baliatu zituen presidentetza federalean, eta baita Montenegrorena ere. Modu horretan, zortzi bototatik lau ziurtatzea lortu zuen. Esloveniarrak eta kroaziarrak ahalegindu ziren Jugoslavia konfederatu baten aldeko proposamena egiten, eta Mazedoniak nahiz Bosniak federazio asimetriko baten aukera ere planteatu zuten, baina serbiarrek ez zuten beren hegemonia bermatuko ez zuen irtenbiderik entzun ere egin nahi.

Jugoslaviartasuna eta komunismoa: Esloveniarrak eta kroaziarrak Jugoslavia desegin nahian zebiltzala entzun izan dugu maiz, «separatistak» zirela, baina Milosevic bera izan zen, 1990eko irailean konstituzioa berrituta, Jugoslaviatik kanpo kokatzen zen lehen errepublika burujabea sortu zuena: Serbiako Errepublika. Milosevic serbiar nazionalista zen, argi eta garbi, eta ez jugoslavista. Ekialdeko komunismoaren azken estandartetzat jotzen zutenak ere, oker daude. Aurrena Serbiako Komunisten Ligako eta, ondoren, Serbiako Alderdi Sozialistaren buru izan bazen ere, merkatu librerako erreformen aldeko konpromisoa agertu zuen hasieratik. Bere agintepean, gora egin zuen aberatsen eta pobreen arteko leizeak, kiebra jo zuten osasun eta garraio publikoek eta indartu egin ziren merkatu beltza eta krimen organizatua.

Nazioartearen papera: Serbiarren gerra-propagandak lortu egin zuen iritzi publikoari sinetsaraztea, neurri handi batean, amerikarrak, Europar Batasuna (Alemania, batik bat) eta Nazio Batuak Jugoslavia desegitearen alde zeudela. Gertakariek, ordea, kontrakoa erakusten dute. Ildo horretatik, argigarria da oso Josip Glaurdic historialariaren liburua (“The hour of Europe, Western powers and the breakup of Yugoslavia”), zeinetan, gerra hotzaren azken urteetako azterketa baten testuinguruan, CIAren dokumentuak, Bushen eta Britainia Handiko administrazioetako dokumentuak, Hagako Auzitegiaren bueltan sortutako informazioa eta 40 diplomatiko eta politikariri egindako elkarrizketak bilduta, Mendebaldeko indarrek hautatu zuten estrategia okerraren berri ematen digun. Glaurdicek dio, laburbilduz, amerikarrek Jugoslavia batu bat nahi zutela, zeren eta desegindako Jugoslavia bat aurrekari bihur zitekeen Sobietar Batasunerako, modu horretan Gorbatxoven jarrera ahulduz; Sobietar Batasuna krisian sar zitekeen, eta horrek, aldi berean, arma nuklear indartsuak zituen bloke baten ezegonkortasuna ekar zezakeen. Ikuspegi kontserbadore-errealista horrek, 1991 arte, Jugoslaviaren batasuna defendatzera lerratu zuen Bushen administrazioa, erreforma demokratikoen alde lerratzera bainoago. Baina bitxiena zera da: AEBei Milosevic iruditu zitzaien Jugoslaviaren batasuna bermatuko zuen gizona, nahiz eta, ironikoki, bera aritu Jugoslaviaren haustura eragiten bere politika lotsagabearekin. Washingtonek, era horretan, saihestu nahi zuen «Jugoslaviaren desegitea» hauspotu egin zuen. Alemaniaren kasuan, beste horrenbeste. Hona Gerhard Almer diplomatikoaren hitzak: «Jugoslaviaren desintegrazioa aurrekari txarra da sobietar desintegraziorako, eta guk Sobietar Batasun indartsu bat behar dugu, beraiekin Alemaniaren batasuna onartuko duen akordioa ixteko». Beraz, Alemaniako Demokrata Kristauen antijugoslavismoaren teoriaren aurka, Alemania Kroaziaren eta Esloveniaren independentzien kontra agertu zen 1991ko ekainera arte. Milosevicen etengabeko erasoek eta harrokeriak soilik ekarri zuten lehenik alemaniarren, eta, ondoren, amerikarren, jarrera aldatzea. Gerra bete-betean ezarri zen arma-blokeoak ere Kroaziari eta Bosniari egin zien kalte, serbiarrek Jugoslaviako Herri Armadaren (Serbiarren aldekoa) armamentu pisua baitzeukaten beren esku. Egia da amerikarrek, 1999an, Kosovoko gerra zela-eta, Serbia bonbardatu zutela, baina 1991n Alemania eta AEBak Jugoslaviaren batasunaren aurka zeudela esatea gerra afganiar-errusiarrean amerikarrak Bin Ladenen aurka zeudela esatearen parekoa litzateke.

Autodeterminazio-eskubidea: Beste mitoetako bat da Mendebaldeko indarrek Serbiaren kaltetan planteatu zutela nazioen autodeterminazio-printzipioa. Kontrakoa gertatu zen. 1991ko urrian, Milosevicek atzera bota zuen Lord Carringtonen bake-plana. Planak errepublika burujabez osatutako batasun gisa agertzen zuen Jugoslavia, eta, betiere, gutxiengo nazionalen autonomia errespetatuta. Horrek, ordea, Kosovoko albaniarrei eta Sanjak eskualdeko musulmanei autonomia eskaini beharra zekarkion Serbiari, horregatik egin zion uko Milosevicek. Honen harira, komeni da esatea Kroaziako Konstituzioak jaio zen egunetik jaso zituela Kroaziako serbiarren eskubideak gutxiengo nazional gisa. Milosevic beti agertu zen errepubliketako muga administratiboak gainbegiratzearen alde, baina bere errepublika barruan, Serbian, autonomia kendu zien Voivodinari eta Kosovori.

Gerraren izaera: Bukatzeko, ez nuke aipatu gabe utzi nahi zenbait egilek Balkanetako gerren inguruan egin izan duten irakurketa kaskarra. Gizaldietako etsaikeriak eragindako gatazka tribalen beste kapitulu bat balira bezala deskribatu zituzten. Oso bestela, uste baino berriagoak eta dinamikoagoak ziren etsaikeria politiko batzuen emaitza izan ziren, eta elite politiko jakin batzuek ederki bideratuak.