Maider IANTZI
NAZIOARTEKO TOPAKETA DONOSTIAN

SAHARA, GIZA ESKUBIDEEN BILA SIRIRI TXORIA BEZAIN TEMATI

SIRIRI TXORIAREN ISTORIOAREKIN ITXI ZUEN CARLOS MARTIN BERISTAINEK SAHARARI BURUZKO KURTSOA. ESAN ZUENEZ, BERE BIGARREN AMAK, KOLONBIARRA BERA, «SIRIRI OPERAZIOA» ASMATU ZUEN. TXIKIA DA SIRIRI, BAINA HEGAZTI HANDI BAT HABIARA LAPURTZERA DATORKIONEAN SEGITU EGITEN DIO, SEGITU ETA SEGITU, KANTU GORGARRIAREKIN XEDEA LORTU ARTE.

«Ongi aprobetxatutako hiru egun izan dira», adierazi zuen gazte saharar batek EHUko ikastaroaren amaieran. «Nire kausa propioari buruz hainbeste informazio jaso dut! Kanpamentuetan jaio nintzen, ez nuen nire lurra ezagutzeko aukerarik izan eta independentismoa handituz doa nigan».

Hainbat adituren hitzaldi eta mahai-inguruen ondotik, aretoa leporaino betetzen zuen jendeari eman zion hitza aurkezpen lanetan ibili zen Paco Etxeberria forentseak. Medikuntzan hiru fase dauden bezala –diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendua–, Sahararen kasuan ere etorkizunera begira jarri nahi izan zituen kurtsoko parte-hartzaileak, tratamendua bilatuz. Horretarako, eskaera zehatza egin zien: «Eman Saharan osatu nahi den giza eskubideen agendarako hiru gako».

Webgunea, aski egingarria

Kronikaren hasieran aipatutako saharar gazteak aski gauza sinplea eta egingarria plazaratu zuen: webgune bat sortzea, «denok topatu gaitezkeen gune bat». Honetaz gain, biktimak indartzeko mekanismo bat bilatzea proposatu zuen, bizitakoaren mezua transmititu dezaten. Hirugarren gakoa, mutil honen iritziz, formazioarekin baina lanik gabe dauden hainbat gazte giza eskubideetan heztea da.

Solasaldietan izan zen herri honen borrokako aurpegi ezagunenetakoa, Aminatou Haidar, giza eskubideen defendatzaileen kolektiboko ordezkari gisa. “Justizia Trantsizionala Mendebaldeko Saharan” zen EHUren ikastaroaren izena, hasieran behintzat, gero aldatu egin baitzuten “justizia” bertzerik gabe edo “giza eskubideak” aipatuz. Eta Haidar izan zen bere herrian justizia trantsizionalaz ezin garela solastatu baieztatu zutenetako bat, bertzeak bertze lurralde okupatua delako eta oraingoz ez delako gatazkaren behin betiko konponbiderik. Esplikatu zuenez, herria zatitua dago (batzuk okupatutako lurraldean, bertzeak errefuxiatuen kanpamentuetan) eta bihotzak ere hala daude, puskatuta, familia guztiak daudelako ukituta.

«Marokok zirkulazio librearen propaganda egiten du, eta nik hemen hitz egin dezaket, baina ezin dut hemengo hizlari bat Aaiunera gonbidatu. Poliziaz inguratutako etxean bizi naiz, ez dut bizimodu normalik», adierazi zuen.

Indarrez desagerrarazi zuten 20 urte zituela. Erran zuenez, presioagatik Marokok desagertze hauek gelditu ditu, baina atxiloketa arbitrarioekin jarraitzen du eta 70 preso politikotik gora daude. Torturak ere ez direla bukatu salatu zuen.

Espedienteak zabalik dirau, beraz, baina tratamendua bilatuz, honako ideia bota zuen Haidarrek: «Ez dakit nola konbentzitu genitzakeen aktore ezagunak sahararron sufrimendua erakutsiko duen pelikula bat egiteko».

Hagitz laudatua izan zen kurtsoan honen zuzendariaren, Carlos Martin Beristainen “Memoriaren oasia” memoria historikoa eta giza eskubideen urraketak jasotzen dituen liburua. Djimi Elghalia giza eskubideen zapalketa larrien elkarteko ordezkariaren arabera, bere herriko etxe guztietan egon beharko litzateke ale bat, «gutxienez egon, marrazkiak ikusteko», zehaztu zuen irri eginaraziz.

Ikuspuntu desberdinak eta ideia berriak atera ziren. Parte-hartzea handia izan zen, jendea gustura gelditu zen eta ateratako gauzak txosten batean plazaratzea proposatu zuten. Ezin denak hemen jaso eta hasi bezala bukatuko dugu, Martin Beristainen hitzekin. Honako aholkuak eman zituen: Ez utzi tresnak lapurtzen; ezta inpotentziak kutsatzen ere, ulertu mugak baina ez sinetsi (inpunitatearen harresia pitzatu zuten Maiatzeko Plazako Amonak adibide); nahasmena estrategia errepresiboa izan daiteke («Kolonbiara zoaz? Hori ulertuko duenik ez dago-eta», erran zioten); eta giza eskubideen aldeko borrokan estrategia bat behar da.