Ariane KAMIO
DONOSTIA

Zuriaren gainean

Karta zuria eman die Donostia 2016k Euskal Herriko hiru sortzaileri, beraien ibilbidea kontuan izanda, norberak egokien ikusten duen ekarpena egin dezan. Esther Ferrer artista eta performerrak, Jone San Martin koreografo eta dantzariak eta Anjel Lertxundi idazleak osatzen dute hiruhortzekoa. 2016ko programan sartuko dira ekintza guztiak.

Nazioarteko hainbat herrialdetan jardun ohikoa da karta zuria –carte blanche– egile batek askatasun osoz hitzordu batekin zerikusia duen ekarpena egin dezan. Donostia 2016k sormenerako askatasun osoa eman die Euskal Herriko hiru sortzaileri, hiriburua eta bere inguruko kultura-eragileekin elkarlan proiektuak sortzeko helburuarekin. Esther Ferrer, Jone San Martin eta Anjel Lertxundi dira hautatutako izenak. Arteak, dantzak eta literaturak, hortaz, espresio askea izango dute bakoitzak egindako ekarpenekin. Ekimen guztiak 2016ko egitarauaren barruan txertatuko dira.

Gutxitua vs Hegemonikoa

Kosta egin zitzaion Anjel Lertxundiri Donostia 2016ko proposamenari baiezkoa ematea, zerbait berririk ekar lezakeen zalantzak jota. Nondik tira sakon aztertuta, azkenean hauturako bidea topatu zuen idazle oriotarrak. Witold Gombrowicz eta Czeslaw Milosz idazle poloniarrak arduratzen zituen gaiari heldu dio –«gure literatura hemendik ehun urtera nolakoa izango den, baldin eta hizkuntza bizirik baldin badago»–. Eztabaidarako gunea aurkitu zuen kezka horretan. Nola idazten duten hizkuntza gutxituetan aritzen diren idazleek, eta nola egiten duten hizkuntza hegemoniko batean ari direnek. Beren lan hizkuntza desagertu daitekeela inoiz pentsatu ez duten idazleei gogoeta eragin nahi die Lertxundik. Horretarako, frantsesez, ingelesez, alemanez, italieraz eta gaztelaniaz aritzen diren bost «puntako» sortzaileri gogoetarako bidea zabalduko zaie, ondoren Donostian publiko egin dezaten. Etorkizun ziurrik ez duten hizkuntzetako literatura aberasten duten kideen lekuan jarriko dira idazleok. 2016an aurkeztuko dira proiektuak izango dituen bi emaitzak: alde batetik, bost lanak bilduko dituen euskarazko publikazioa; bestetik, parte hartu duten idazleak bilduko dituen jardunaldia –hurrengo urteko azaroan, ziur asko–. Parte-hartzaileen izenik ez dute oraindik jakitera eman, zerrenda ez baita oraindik erabat itxi.

Kolektibotasuna

Esther Ferrerrek, bere aldetik, hiru proposamen aurkeztu ditu, 2016ko otsailean, martxoan eta uztailean egingo direnak. Lehena, “Nire bizitza kontatuko dizuet” performancea, pertsona gorren eta hiztunen parte-hartzearekin, hizkuntzaren alderdi bisuala eta entzunezkoa uztartzeko helburuarekin. “Ibiliaz egiten da bidea” da bigarren proposamena. «Zentroa periferiak aldatzen duela» uste du Ferrerrek, «Europan gertatzen ari den bezala», eta ideia hori Donostiara eramango du, kanpoaldean bizi diren donostiarrak hirigunean amaituko diren ibilbideetan jarriz. Poesiaren ibilaldia izango du ardatz azken ekarpenak, oihartzun poetikoak dituzten lekuak bisitatuz eta poesia ahots gora irakurriz.

Dantza, zubi

Jone San Martinek bost obra ekarriko ditu Donostiara, urrian, William Forsythe koreografoa guztien lotura izango delarik. Berarekin hogei urtez baino gehiagoz aritu da lanean. Forsythe eta honen gertukoak diren artistak hartzen ditu barne San Martinek eta bere burua eskaintzen du horien arteko zubi gisa.

Koreografo donostiarrak hiru sorkuntza lan aurkezten ditu; Forsythe berarena bat, S.A.D. eta Shyne Oliverena bigarrena eta San Martinek berak DSS2016EUrako sortutako lan propioa, dantza eta bertsolaritza uztartuko dituena. «Inprobisazioa letretan eta mugimenduan», esan zuen. Berlingo Dance On konpainia gonbidatuko du, berrogei urtetik gorako dantzariez osatutakoa eta “Legitimo/Rezo” bakarkako lana aurkeztuko du.