GARA
DONOSTIA

Donostiako Kortxoenea gaztetxearen eraistea eten dute behin-behinekoz

Nahiz eta goizean eraikina husteari ekin zioten eta hondeamakina lanerako prest izan, azkenean obra hasteko hainbat baldintza betetzen ez direla ikusirik, eraistea bertan behera utzi zuen Donostiako Udalak. Eraikinaren jabeak etxeak eta garajeak egin nahi ditu bertan.

Donostiako Udalak ohar baten bidez jakinarazi du Kortxoenea gaztetxearen eraistea bertan behera uzteko agindua eman zuela, behin-behinean behintzat, hainbat baldintza betetzen ez zirelako.

Langileak goizean goiz, 8.40 aldera, iritsi ziren gaztetxera hondeamakinarekin eraikina eraisteko asmoz. Husteari hasiak ziren, baina gaztetxeko ordezkariek legez kanpokoa zela salatu zuten. EH Bilduk ere hori bera azaldu zuen ohar baten bidez.

Langileak eraikinaren barrura sartu ziren eta bertatik inor ez pasatzeko agindua eman zuten. Udaltzaingoak babes hesi bat osatu zuen orduan. «Mozal legea» jarraituz argazkiak egitea debekatu zuten.

9.30 aldera Ertzaintza iritsi zen babes lanetan laguntzera, Udaltzaingoak «erantzun sozialaren tamaina ikusita» deitu ostean. 9.45 aldera hondeatzeko makinak martxan jarri zituzten eta gaztetxea eraisten hasi ziren. Gauzak argitzen ziren bitartean, gaztetxeko erabiltzaileak eta bizilagunak ingurura gerturatu ziren bertaratutako Udaltzain eta Ertzaintzari baimenak erakusteko eskatzera. «Nik ez dakit lege kontuez» izan zen jasotako erantzuna.

13.30 aldera, Udalak eraistea bertan behera uzteko agindu zuen, beharrezkoak diren segurtasun hesiak falta zirela eta. Hala, eraiste lanetan ari ziren langileek eta poliziek alde egin zuten, baina gazteak badaezpada bertan gelditu ziren. Arratsaldean batzar bat egiteko asmoa iragarri zuten eta ondoren, elkarretaratzea.

Kulturarako espazioa

Kortxoenea gazteek autogestionatutako gunea izan da azken bost urteetan. Bertan kultur ekimen ugari egin dituzte eta Gros auzoari zerbitzu oparoa eskaini dio. «Donostiako gazteek eta Groseko auzotarrek maitatutako lekua izan da Kortxoenea», EH Bilduren hitzetan. «Mota honetako lekuek onarpen sozial zabala eta instituzioen babesa izaten dute Europan», baieztatu zuten. Hori dela eta, ez dute ulertzen zer dela-eta onartzen duen «Europako kultur hiriburu izan nahi duen hiri batek horrelako proiektu bat suntsitzea».

Donostiako Udalaren hitzetan, ordea, eraikinaren erabilera hori aurreko Udal Gobernuak onartutako erabakia izan zen. EH Bilduk adierazpen hori zuzendu eta eraistea egungo gobernuak uztailaren 14an baimendu zuela argitu zuen eta Juan Karlos Izagirre alkate ohiak, aldiz, ez zuela eskaera hori onartu.