Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Estatuaren arrazoiaren indarra

Kataluniako hauteskundeak hurbiltzen diren heinean eztabaida politikoa berotzen da eta independentziaren kontrako mehatxuak ugaltzen dira. Unionismoak, batetik, subiranisten porrota saltzen du, baina bestetik, emaitzen beldur da, eta herritarren hautua oztopatzeko neurriak bultzatzen ari da. Garaipena espero duenak ez du halakorik egiten. Atxikimenak biltzeko aukerarik ez, baina tankeak, konstituzioa, guardia zibilak eta epaileak dituzte, bestela esanda.

Estatu arrazoia nagusi, Franco hil ondotiko sari banaketa eredua (hau da, ustelkeria endemikoaren inpunitatearen bermea) hautsi da eta segurtasun indarrak gogotik ari dira jada desegin den CiU koalizioaren kontra. Eta noiz eta orain, estatuak independentismoa kolpatzeko bere tresnak baliatzen dituenean, ustezko indar berritzaile batzuk norekin eta estatuarekin lerrotzen dira, ustelkeriaren kontrako aitzakia ontzat ematen.

Ustelak? jakina, baina Franco hil ondotiko estatuaren babes osoaz! Urte askotan estatuarekin bat egin duten politikari katalanen ustelkeriak independentismoa zikintzen duela esatea estatuaren arrazoia irentsi eta zabaltzea da. Estatuaren logika babestea da, ustelkeriaren kontrako borrokaren simulazioa independentismoa ahultzeko estrategia baita.

Estatuaren tresnarik eraginkorrena, Franco hil ondotik ikusi zenez, kooptazioa da, borondateen erosketa. Eta abian dago estatuan sortutako indar berriak erosteko operazioa, besteak beste Katalunian, indar hauek independentismoaren kontrako aliatu gisa kokatzeko, berrikuntza gogoak estatuaren arrazoiaren zerbitzura jartzeko. Tamalez, batzuk prest daude joko horretan sartzeko, beste batzuek hori galarazteko asmoa dutelarik. Nork irabaziko duen ez dakit, baina Estatuaren indarra handia da, eta mugimendu sozial zabal eta indartsurik gabeko lidergo eredua, aldiz, oso ahula.

Ni, ustelkeria dela eta, Daviden sandaliarekin gelditzen naiz, askoz ere fidagarriagoa iruditzen zaidalako.