Amalur ARTOLA
DONOSTIA

De Sena, Montale eta Bachmannen poemak ekarri ditu euskarara Susak

Poesia Kaierak bilduma sendotu eta poeta handien lanak euskaraz irakurtzeko aukera zabaltzera datoz Susak aurkeztu berri dituen hiru itzulpenak. Jorge de Sena portugaldarraren, Eugenio Montalbe italiarraren eta Ingeborg Bachmann alemaniarraren poemen hautaketak liburu banatan bildu dituzte Rikardo Arregi, Anjel Lertxundi eta Nagore Tolosak, hurrenez hurren. Horrenbestez, iaz abiatutako bilduma dozena bat argitalpenetara heldu da jada.

Iaz abiatu zuen Susak poeta handien lanak euskaraz ematea ardatz duen Poesia Kaierak proiektua eta, atzo, labetik atera berri dituzten hiru aleak aurkeztu zituzten Donostian. Rikardo Arregi poeta eta itzultzailea izan zen aurkezpenean hitza hartzen lehena, bera izan baita Jorge de Sena portugaldarraren obraren hautaketa egin eta euskarara ekartzearen arduraduna. Arregik 1919an jaiotako poeta, Fernando Pessoa eta Sophia de Mellorekin batera, Portugaleko poeta garrantzitsuenen zerrendan dagoela ekarri zuen gogora eta hiruretatik euskarara ekarri gabe zegoen bakarra zela nabarmendu zuen. Ikasketaz ingeniaria, Salazar-en altxamenduaren ondotik Brasilera joan behar izan zuen De Senak eta, han ere beste diktadura batekin topo egitean, AEBetara joatea erabaki zuen. 1978an zendu zen, sorterrira itzuli gabe.

«Adituek diotenez, hiru hitzetan laburbildu daiteke bere obra: metamorfosia, lekukotasuna eta peregrinazioa», azaldu zuen Arregik, eta 40ko hamarkadan nagusi ziren neorrealismo eta surrealismoa «gainditu» zituela ziurtatu zuen. «Poesia komunikazio bide bat zen berarentzat, baita objektibotasuna eta subjektibotasunaren arteko lotura egiteko bide bat ere». Antzerkiaz, ipuinez, itzulpenez eta nobelez gain, De Senak 700 olerkitik gora idatzi zituen eta horien arteko hautaketa bat da, Susaren eskutik, Arregik dakarrena.

Anjel Lertxundi izan da Montalbe euskaraz ematearen ardura hartu duena. Sekula itzulpengintzan aritu gabea eta poema bakanen bat soilik idatzia, hasieran Susaren erronkari baiezkoa eman izanaz «damu» izan zela aitortu zuen Lertxundik, baina emaitzak «pozarioz» betetzen duela ziurtatu zuen.

Hondakinen poesia

«Montalbe faxismoaren erdian hasten da idazten, baina erabat antipodetan dago; guztiz garbi antifaxista da, baina aldendu egiten da politikatik, bere aktibitate guztia poesiara doa», azaldu zuen Lertxundik. Poeta italiarraren poesia moldea «hondakinen poesia» gisa deskribatu zuen Orion jaiotako idazleak: «Mundua alderdi positibotik esplikatzea ezinezko ikusten zuen; zer ez garen, zer ez den mundua, zer ez den gizartea... betiere ezezko horretatik abiatzen zen. Bere poesia hondakinen poesia da; beti daude hondakin edo elementu baztertuak, signifikazio poetikorik izan ez dutenak eta bere poesia guztia argiztatzen dutenak». Gaineratu zuenez, Moltalbek «gu hildako biziak ala bizirik gauden hilak garen» galdegiten zuen, eta bere olerkietan «bi mundu horien arteko jolasa etengabea» dela esan zuen.

Azkenik, itzulpengintzan eskarmentua duen Nagore Tolosak ekarri du euskarara Bachmannen obra. Olerkari alemaniarrari heriotza eta fama oso goiz etorri zitzaizkiola azaldu zuen Tolosak, baita autorearen obrak berak nahi izan ez zuen irakurketa izan zuela ere: «Bigarren Mundu Gerran kontserbadoreen aurka egin nahi izan bazuen ere, bere obra haien eskuetan erori zen, haien biktima izan zen». Hala ere, gerraostean Bachmannek faxismoa ez zela desagertu aldarrikatu zuen bere lanetan eta, hala, alemanieraz idazten zuten autore askorengan izan zuen eragina.

«Egia zen bere auzi konstanteetako bat; nola esan esan ezin dena, higatutako hitzei ze esanahi berri eman», nabarmendu zuen Tolosak.