G.M. ZUBIARRAIN
UZTARITZE

Bertrand Lapurdikoaren desagerpena bihar argituko da

Lapurtarrak herrialdeko hiriburu historikora deitzen dituen jai aldarrikatzaileak, Lapurtarren Biltzarrak, iazko berrantolaketa arrakastatsuaren ondotik herri antzerkia ardatz duenak, prest du egun osoko jaia. Eskaintza anitza izango da Lota jauregiaren inguruko belardietan, eta besteren artean hilabete hauetan guztietan Bertrand Lapurdikoa non ibili zaigun argituko da. Lancre inkisidoreak sutara bidalitako emakumeek ere izango dute beren lekua.

Non da Bertrand? Zer izan da iaz Lapurdiko hitzordu nagusietako protagonista berezi bihurtu zen XII. mendeko bizkonde berpiztuaz? Sare sozialetan galdezka ibili da jendea. Misterioa amaitu da, ordea: toberan izango duen hitzordu saihetsezinean agertuko zaigu Bertrand. Nola beste kontu bat izango da.

Frantses Iraultzak bertan behera utzi arte herrialdeko Biltzarrak burutzen ziren Gaztelutik 150 metro eskasera egingo da aurtengo Lapurtarren Biltzarreko ekimen nagusia Uztaritzen.

Herrialdearen kontzientzia galerak barrenak urraturik, iraultzara lotu nahi izan zituen iaz bizkondeak lapurtarrak, «garaiko molde zuzen eta bortitzekin», GARAri Antton Lannes antolatzaileak adierazi dionez. Arrakasta «eskas» haren ondotik alabaina, «zeharo eraldatua» agertuko da. Bere ezkutari Sipolis –«ero samarra» Lannesen hitzetan– izango du aholkulari, «hamar esanetatik taxuzko bakarra» ozta borobiltzen asmatzen duena. Garat anaien ahotik aterako dira aholku «zentzuzkoak» ala «zentzatuak», bertso eran emanak. Iaz, jaiaren kutsu adarjotzaileari zor –zuzentasun historikoaren bila dabilenak jo beza historia liburuetara– siames gisa berpiztu ziren XVIII-XIX. mendeko politikariak. Aurten sexu aldaketaren bat ere ezagutuko dute, egungo garaietara moldatu diren seinale. «Azkenean aske!» diosku barre txikian Lannesek.

Lapurdiko historiaren pasarte beltzena idatziz Pierre Lancre inkisidoreak sutara bidali zituen emakumezko errugabe haiek ere agertuko dira herri antzerkian; «orain bai, sorgin bihurturik» argitu digu Antton Rougetek, beste antolatzaileetako batek. Biltzar garaietan bazen miliziaren bertsio gaurkotua, azkenik, musikariek, ziganteek eta dantzariek osatuko dute. Orotara, antzezle sorta ekinean.

Ordubeteko herri antzerkia

11.00etan ekingo dio jaiak toberarekin. Lannesek adierazi duenez, garaiko antolaketa berreskuratuz herrialdea banatzen zen zortzi eskualde historikoen presentzia bermatuko dute ordubete inguru iraungo duen herri antzerki horretan. «Hor argituko da non ibili zaigun Bertran Lapurdikoa», iragarri digu.