GARA
ERRENTERIA

Errenteriako zinegotzi eta hautetsi ohiak bat eginik Gogorza aske utz dezaten

Legegintzaldi ezberdinetan Errenteriako Udaleko ordezkari publiko izandako lagunek zein egun zinegotzi izaten jarraitzen dutenek, «arrazoi humanitarioak medio», Aitzol Gogorza larriki gaixo dagoen euskal presoaren askatasuna aldarrikatu zuten atzo. Ekitaldian, ezker abertzaleko, EAJko, PSEko eta PPko ordezkari izandako lagunak izan ziren besteak beste.

Gogorzak arazo sikologiko larria du. Espetxeratzearen ondorioz gaixotasuna berpiztu egin zitzaion eta asistentzia psikiatriko espezializatua behar du. 2011ko ekainean Espainaratu egin zuten eta urte bereko urrian larriagotu egin zitzaion gaixotasuna. 2013ko azaroan, bere egoeraren larritasuna ikusirik, Basauriko espetxera ekarri zuten, eta bere buruaz beste egiteko arriskua duten presoei ezartzen zaien 24 orduko laguntza protokola ezarri zioten. «Hasiera batean konfiantzako preso batekin jarri zuten, baina, azkenaldian, ez da horrela izaten ari», nabarmendu zuten atzo bildutako zinegotziek.

«Azken bi urteotan maiz ingresatu behar izan dute Basurtuko ospitalean. Krisialdiak bata bestearen atzetik izaten ditu, bere buruaz beste egiteko saiakerekin tartekatuz. Izan duen bilakaeraren ondorioz, krisialdien arteko tarteak gero eta gehiago murrizten ari dira eta suspertze maila gero eta apalagoa da. Horrela jarraituz gero, itzulezineko egoera batera iristeko arriskua begi bistakoa da», azaldu zuten.

Halaber, pasa den urte hasieran Auzitegi Nazionalak Bilboko Auzitegiari Aitzol Gogorza presoa kaleratu edo ez erabakitzeko beste osasun txosten alternatibo bat eskatu ziola gogoratu zuten. «Ordura arte, defentsak aukeratutako medikuen txostenak eta Auzitegi Nazionaleko medikuek egindakoak balorazio kontrajarriak egiten zituzten. Baina, aldiz, hirugarren txosten horrek presoaren larritasun egoera onartzen du», azpimarratu zuten Errenteriako zinegotziek. Hori dela eta, Gogorzaren askatasuna lortzeko ekimenak babestuko dituztela azaldu zuten.