GARA
DONOSTIA

Fumbarriko bi langilek izandako istripua salatu dute elkarretaratze batean

Joan den astean Durangoko Fumbarri enpresako bi langilek izandako istripua salatzeko ordubeteko lanuztea deitu zuen atzo langile batzordeak. Enpresan egindako kontzentrazioan, zuzendaritzari urgentziazko bilera bat ere eskatu zioten langileek prebentzio plan bat lantzeko.

LAB eta CCOO sindikatuek osatutako Fumbarriko langile batzordeak deituta ordubeteko lanuztea egin zuten atzo langileek enpresan lan istripu gehiago eman ez daitezen neurriak eskatzeko. “Fumbarrin lan istripu gehiagorik ez! Gure lan osasunaren alde!” lemapean egin zuten kontzentrazioan, langileek joan den astelehenean enpresan izandako istripua salatu zuten. Istripuan, fundizioko bi langile larriki zauritu ziren galdak gainezka egitean likidoarekin erretzean.

Azken gertakarien aurrean, enpresako egoera «jasangaitza» dela adierazi zuen LAB sindikatuak. Hori dela eta, zuzendaritzarekin bilera urgente bat eskatzeko asmoa erakutsi zuen. Sindikatuak azaldu zuenez, zuzendaritzari lan eta segurtasun arloko plangintza prebentibo integral bat osatzeko lan egutegi zehatz bat eskatuko dio.

Plangintzaren helburu behinena lan istripuak zein gaixotasun profesionalak ekiditeko enpresa eta langile batzordearen arteko elkarlana bultzatzea da. Langile guztien parte hartzea bermatzea ere badu helburu LAB sindikatuak.

Baiona

Bestalde, atzo LABek jakinarazi zuenez, joan den ostegunean, urriak 1, bi lan istripu izan ziren Baionan, bi langileren heriotza eraginez –36 langile hil dira jada Euskal Herrian 2015ean LABen arabera–. Sindikatuak salatu duenez, lan istripuak «ez dira lanaren ezaugarri, baizik eta lan eredu jakin baten onartezinezko emaitza krudela. Dirua eta denbora irabazteak lan segurtasunari eta osasunari gain hartuko ez balio ekidin ahalko litzatekeen emaitza».

Egoera horren aurrean, administrazioen esku hartzea ezinbestekotzat jotzen du LABek. Zehazki, irtenbideak bilatu eta lan eredua aldatzeko proposamenak egitea eskatzen die.

Hala, lan eredu berri baten aldeko apustua berresten du sindikatu abertzaleak, langileen osagarri izango den eta bizitzeko eskubidea errespetatuko duen lan eredu ezberdin bat.