GARA
DONOSTIA

Heriotza duinaren eztabaida, berriro parez pare zabalik

Andrea Lago neskato galiziarraren kasuak heriotza duinaren eztabaida piztu du berriro. Gurasoek epailearengana jo dute, baina, honen erabakia izan aurretik, pediatrek elikaduraren zunda kentzea onartu dute. Hain justu, gaia Gasteizko Legebiltzarrera heldu zen atzo.

Andrea Lago 12 urteko neskato galiziarraren kasuak bizitzaren amaiera duinaren inguruko eztabaida mahai gainean jarri du berriz Estatu espainolean. Larriki gaixorik den Andrearen gurasoek haurrarentzat «heriotza duina» eskatu dute, atzeraezina den endekapenezko gaixotasuna baitu; zehazki, haurraren «sufrimenduari amaiera» emateko jasotzen duen tratamendua etetea nahi dute. Epailearengana jo zuten gurasoek, eta, atzo, honen erabakiaren zain zeudela, Santiago Ospitaleko pediatrek iritziz aldatu eta haurra bizirik mantentzen duen elikadura zunda kentzea onartu zuten, bere osasun egoera nabarmen okertu dela onartuta.

Hain justu, gaia Eusko Legebiltzarrera heldu zen atzo, EH Bilduren eskutik. «Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeko» lege proposamenak aurrera darrai Legebiltzarrean eta, atzo, Giza Eskubideen Batzordean, Iñaki Berraondo Osakidetzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak hartu zuen hitza. Adierazi zuenez, bizitzaren amaiera erregulatzen duen araudia «perfektua» izan arren, «ezinezkoa da egoera guztiak aurreikustea». Hala, Osakidetzan Lagoren antzeko kasuak jazo daitezkeela onartu zuen.

Berraondok horrelako egoerak ikuspuntu etiko eta profesionaletik «aztertzeko zailak» direla nabarmendu zuen, erantzun ezberdinak baitaude. «Desadostasuna dago elikadura kentzeko garaian eta hor dago gakoa: tematze terapeutiko baten edo oinarrizko zaintza baten aurrean gauden».

Berraondok berretsi zuen ezin dela «guztia» arautu, are gutxiago bizitzaren amaiera, eta, nahiz eta ez zen ausartu egungo legea hobetuko duen proposamenik luzatzera, onartu zuen ona dela «gertatu diren egoerak arautzea errepika ez daitezen». «Zalantzarik gabe –erantsi zuen–, beste pertsona batzuekin ere sortuko dira etorkizunean orain arte jazo ez diren egoera eta arazoak».

Darponen azalpenak

Berraondok atzo Legebiltzarrean iragarri zuenez, bizpahiru hilabete barru Lakuak zaintza aringarriei buruzko plan bat aurkeztuko du. Aitzitik, Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkidearen iritziz, ez zen argi gelditu zein jarrera defendatuko duen auzian Urkulluren Gobernuak, eta, hala, «anbiguotasuna» egotzi zion.

Egoera ikusita, Jon Darpon Osasun sailburuari zuzendutako galdera bat erregistratu du EH Bilduk. Hain zuzen, «legearen ideia nagusiez eta heriotza duinaz zein iritzi duen» ezagutu nahi du. Horrenbestez, Osasun sailburuak ganberako osoko bilkuran agertu beharko du.

Jaurlaritzari bere jarrera «argi eta garbi» azaltzeko eskatu dio EH Bilduk: «Bizitzaren bukaeran sufritzen ari den pertsona bera erabaki gune nagusi gisa jartzearen alde edo medikuen iritzia lehenesten alde dagoen esan dezala». Uberak argitu zuenez, euren lege proposamenak helburu du «herritarrei zein profesionalei tresna legal bat ematea, gaur egun dagoen zehaztasun falta kontuan izanda, erabakigunea gaixoan egon dadin».

Legeari erreparatuta, Nafarroan, 2003az geroztik 16 urtetik aurrera bizi-testamentua egin daiteke. Bertan, norberak idatzita utz dezake une jakin batean bere nahia adierazteko gai ez bada zein zaintza jaso nahi dituen sufrimendua ekiditeko edota egoera luzatzeko. Arlo ezberdinetako profesionalek heriotza duina bermatzeko nahikoa ez dela diote hala ere, eta aukera hori hobeto garatzea eskatzen dute. Guztira 3.091 nafarrek egin dute bizi-testamentua, horietatik %66 emakumeak, gehienak gaixoen zaintzaile gisa aritzen direnak. EAEn, aldiz, legea eztabaidatzen ari dira uneotan. Hori bai, talde batzuen arabera, onartuko balitz, Zigor Kodearekin talka egingo luke.