GARA
BILBO

TTIPen kontrako protestak larunbatean Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hainbat sindikatuk, gizarte eragilek eta alderdi politikok deituta, protesta ekimen ugari izango dira larunbatean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean TTIPen kontrako jarrera erakusteko asmoz.

Larunbat eguerdiko 12.30ean mobilizazioak izango dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan TTIP, CETA eta TISA hitzarmenen kontra. Deialdia hainbat sindikatu, gizarte eragile eta alderdi politikok egin dute «multinazionalen onurarako egindako merkataritza itun hauek salatzeko» helburuarekin.

Era berean, udal eta aldundietan itun horien kontrako mozioak aurkezteko asmoa dute.

«Itun hauek gure ondasun eta baliabideetara heltzeko gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak handitzen dituzte, zerbitzu publikoen demokratizazioa kaltetzen dute, jendarte arauentzat eta ingurumenarentzat izugarrizko mehatxua dira, arriskuan jartzen dute gure kalitatezko nekazaritza, baserritar txikien iraupena, elikadura arauak, arau farmazeutikoak, ezinbesteko trantsizio energetikoa eta, honekin guztiarekin batera gure eskubideak eta jendartea hobetzeko gaitasuna ere bai», diote deitzaileek. Horretaz gain, onuradun bakarrak multinazional handiak direla uste dute.

Gaitzespen horren erakusle dira Europako beste hainbat herrialdetan abiatutako ekimenak. Hala, akordio horien kontrako europar herri ekimenak ia hiru milioi sinadura bildu ditu dagoeneko (2.950.862). «Azken hamarkadetan, sektore publikoen agintetik interes pribatuen eskuetara transferentzia handia egiten ari dela ikusten dugu, liberalizazio ekonomikoari eta finantzarioari bultzada emanez. Horregatik guztiagatik, desberdintasunak, pobrezia eta ingurumenaren hondamena areagotuz doaz. TTIPen ,CETAren eta TISAren helburuak aipatutakoak areagotu, eta era berean atzera bueltarik gabekoak bilakatuko dituzte», gaineratzen dute.

Bi aurpegiko mosaikoak

Hori guztia salatzeko, larunbateko mobilizazioan bi aurpegiko mosaikoak eraikiko dituzte. Aurpegi batean TTIP, CETA eta TISAren gaitzespena erakutsiko dute eta beste aldea Euskal Herriko herritarrak jendarte demokratiko, solidario eta justuago baten alde indarrean dauden borroka guztien isla izango da.

Xedea, «pertsonak zentro diren jendartea eta ez kapitala zentro den jendartea» nahi dutela irudikatzea.