Ariane KAMIO
DONOSTIA

Epaimahaiak Peruarena saritu du, parte hartu nahi ez zuen arren

«Su zelaiak» izan da, literaturako Euskadi Sarietan euskarazko alorrean lanak aztertu dituen epaimahaiaren ustez, urteko obrarik onena. Mikel Peruarenak, baina, uko egin dio saria bere egiteari. Finalisten artean zela jakin zuenean helarazi zion bere asmoa epaimahaiari; nolanahi ere, berea izendatu dute irabazle. Kultura sailburuorde Joxean Muñozen aburuz, epaimahaiaren eta idazlearen nahiak errespetatu dira. Azurmendi, Arrieta eta Olmos ere saritu .

Mikel Peruarena idazle eta kazetariak jaso du euskarazko alorrean literaturako Euskadi saria “Su zelaiak” (Susa) lanagatik. Lehenengo Mundu Gerra ia osorik hartu du denbora parametro gisa ereñotzuarrak, Ipar Euskal Herritik gudura deitu zituzten lagunei buruzko kontakizun gordina gorpuzteko. Euskadi Literatura Sarietako epaimahaiaren aburuz, berea «bete-beteko» literatura da. Garaian idatzitako lekukotasun eta gutunak baliatu zituen eleberria osatzeko, baina lekukotza horietatik «askoz harago doa». «‘Su zelaiak’ maila literario jasoa iritsi du, trebezia handia behar baita gerlaren kronologia hain modu naturalean sentiarazteko, adabakiz osaturiko euskara hori benetako hizkera literario bihurtzeko, gertaera kolektiboaren sentsazioa sortzeko, tragedia handi horren kontakizuna pathos gabe egiteko eta, bereziki, hizkera eta gertakari zaharrei halako gaurkotasuna emateko». Arrazoi horiek xehatu ditu epaimahaiak Peruarena saritzeko, nahiz eta jakin bazekien idazle ereñotzuarrak uko egingo ziola.

Izan ere, finalisten artean zela jakin zuenean helarazi zizkien bere zioak gutun bidez. «Eskatu behar dizuet, arren, sarietatik kanpo uzteko liburua, ez baitut nahi lehiaketan parte har dezan», esaten zuen orduan. Epaimahaiak, ordea, bere betebeharra burura eramateko-edo, Peruarenaren lana izendatu du onen. Lakuako Kultura sailburuorde Joxean Muñozen hitzetan, modu horretan bi aldeen erabakiak errespetatzen dira.

Peruarenak ez zuen atzokoan adierazpenik egin nahi izan, eta joan den ekainean sarietara igorritako eskutitza osorik zintzilikatu zuen sarean. Iragan maiatzean 111 Akademiaren sariak sortutako «buruhausteak» aipatzen zituen bertan; «baiezkoa eman banion, izan zen irakurleek banatzen dutelako sari hori, batetik, eta diru saririk ez duelako, bestetik. Baina gainerako finalistekin hain boto gutxiren aldea izan zuela jakiteak ezinegona ere sortu zidan bestalde. Zein irizpidek erabakitzen du, azkenean, liburu bat gailurrera eramatea, eta beste batzuk lokatzetara kondenatzea?», gaineratzen zuen.

Orduko gutunari eranskin bi gehitu dizkio Peruarenak. Aurrenekoa hitz horien ondoren bota du: «Euskadi sariek ez dute egilearen parte hartzea eskatzen, ez aurretik sariaren baldintzak onartzea ere. Ez zait iruditzen sari eta lehiaketa guztiak konparatzeko modukoak direnik, baina sariketa edo lehiaketa batean parte hartu dudan bakoitzean gelditu zait desosegu moduko bat».

Alternatibak ere proposatu zituen bere kartan, literatura lehiaketak egiteko beste moduak, urtean argitaratutako dozena bat edo dozena erdi bat liburu nabarmenduta, adibidez, edo diru publikoa sormena bultzatzeko nola erabili, esaterako, «aurten liburua argitaratuko duten egileei, zerga deklarazioa egiterakoan, hainbesteko diru bat itzultzea». Eta bigarren eranskinean zioen: «Obra publikoa sustatzeko administrazioek ahalegin handiak egiten dituzte, eta enpresek pizgarri fiskal handiak dituzte... Bada, zergatik ez aplikatu logika bera, edo antzekoak, euskarazko sormena sustatzeko?». Eta erantsi zuen atzo, amaiera modura: «Ez da hau desio nuen egoera, baina, besterik ezean, balioko al du eztabaidan eragiteko».

Azurmendi, Arrieta, Olmos

Nahita edo nahi gabe, Euskadi Literatura Sarietako izenik sonatuena izan zen atzo Mikel Peruarenarena, baina ez horregatik bakarra. Lakuako Gobernuak ematen dituen sarietan, euskarazko saiakeraren alorrean, Joxe Azurmendiren “Historia, arraza, nazioa” (Elkar) lana izan da aurtengo aipagarriena. Nazioaren kontzeptu alemana eta frantsesa aztertu ditu zegamarrak. Eredu erromantikoa lehena, odolean, hizkuntzan eta ohituretan oinarritutakoa. Bigarrena, liberala, lurralde berean bizi diren gizon-emakumeen borondate komunean babestutakoa. Uste horren jatorri eta bilakaera aztertu ditu Azurmendik, bereziki Ernest Renan pentsalari bretoiaren idatziak arakatuz, baita XIX. mendeko intelektual frantses eta alemanen arteko polemika ugariak ere. «Estatua eta nazioa ez dira gauza bera, baina estatu batzuek erabili nahi dute ukatzeko estaturik gabeko nazioak badirela. Kataluniakoa adibide garbia da», esan zuen atzo idazleak. Epaimahaiaren irudiko, «Europan egun doxa den nazionalismo zibikoaren ideia aztertzen eta kritikatzen du, bere iturri nagusietako batera joaz: Renan-en lanera. Hala, beste Europa bat pentsatzeko atea zabaltzen digu».

Haur eta gazte literaturaren alorrean Yolanda Arrietaren “Argiaren alaba” autoedizioa izan da saritua, Bizenta Mogelen bizitza ezagutarazten duena; «bikain transmititzen du euskal literaturan lehen idazle emakume ezagunak bizi izan zuen garaia eta giroa», epaimahaiak azpimarratu zuenez.

Gaztelaniazko literaturan, berriz, Martin Olmosek eskuratu du saria “Escrito en negro” (Pepitas de Calabaza) lanagatik. Liburuaren originaltasuna eta «idazkera bikaina» baloratu zituen epaimahaiak. 18.000 euroko diru saria jasoko dute irabazleek –Peruarenak izan ezik, uko egin diolako–. Gaztelaniazko saiakerari, ilustrazioari eta itzulpengintzari dagozkion sariak hurrengo astean jakinaraziko dituzte.