Jon GARMENDIA
Idazlea

Iparra galtzen

Demagun zu iparraldera zatozela eta hegoaldera noala ni. Sortuko zaigun lehen galdera, geografikoa izango da seguruenik, hau da, non kokatzen dugun bakoitzak iparra eta non hegoa; honela, katramilatsua izango da adostasuna lortzea. Demagun noski, Euskal Herriko iparraz eta hegoaz mintzatzen ari naizela, batzuentzat ez baitira existitzen, sinpleki, puntu kardinal bateko lurrak Frantziakoak dira, eta bestekoak Espainiakoak. Nekez ulertu baitut “Tú al norte y yo al sur” EITBko programa bere estreinalditik, harik eta bere baitan erabaki politiko bat dagoela ikusteraino, euskaldunen hego-iparrak estatu espainiarraren mugetan marrazteraino. Reyes Pradosen balioa eta ahalegina utzi nahi nituzke aparte, nahiz eta iruditzen zaidan abiadura honetan, talentua duena denbora baino lehenago, erre baino kixkali egingo dutela telebista publikoan, ohiko duten modura. Baina programa ezinbizi bat da. Demagun «Zu iparrera eta ni hegora» Euskal Herriko jendeekin egingo litzatekeela, ez ote litzateke atsegina batzuen eta besteen desberdintasun-berdintasunak ikustea? eta audientzia ez ote litzateke ona? Demagun ordea, Bidasoaz bestaldeko lurrotan ez dugula oraino ulertu Urkulluk aipatutako «Nacion Foral Vasca» zer den, agian, nazio horren iparra ez baita gugana ailegatzen.