M.I.
DONOSTIA
Elkarrizketa
BEGOñA GOROSPE PASCUAL
HERNANIKO FEMINISTA

«Zein berritzaileak izan ziren erakutsi nahi izan dut. Arrisku handiak hartu zituzten»

Lau emakume talde elkarrizketatu ditu Gorospek, 36ko Gerra eta Bigarren Errepublika garaikoak: Emakume Abertzale Batza (EAB), EAJrekin lotua; Emakume Sozialistak, PS alderdi sozialistarena; Emakume Libertarioak, anarkistak, CNTrekin harremana zutenak; eta Margaritak, PC alderdi karlistakoak.

Euren esperientziak jaso ditu ekintzaile feministak, elkarrizketatuen hitzak tartekatuz. Adibidez, hala azaltzen du Casilda H. anarkistak: «Askatasuna eskatzen genuen bizimoduan, hori hasteko: zergatik egon behar zuen emakumeak bizimodu zorrotz baten mendean, zergatik ezin zen etxetik atera…? Orduan askoz ere zorrotzagoa baitzen jendartea, ohiturak zurrunagoak ziren».

«Herrietara joaten ginen, eta esatera etorri zitzaizkigun Margaritok bakarrik joan behar genuela, gizonik gabe… data eman ziguten eta Larragara joan ginen… Orduan hartu genuen ausarten ospea… Tiroak eta guzti egon ziren!», kontatzen du Lola B.-k.

Hernaniarra izanik, bertako emakumeek langile mugimenduari egindako ekarpena jaso du Gorospek. Herrian, Garai Modernoko lehendabiziko greba Zikuñaga paper fabrikako emakume talde batek egin zuen. 1967an JOC (Juventudes Obreras Catolicas) taldeko buru zen Miren C.-k oroitzen du paperaren manipulazio saileko 32 langilek egin zutela, lan erritmoan kontrol gehiago jarri zituelako enpresak, inori ezer esan gabe, eta soldataren jaitsiera inportantea ekarri zuelako horrek. Behin eta berriz saiatu arren enpresa negoziatzeko prest agertzen ez zenez, egunean ordu batez “beso erorien greba” egitea planteatu zuten emakumeek. Hirugarren egunean, Guardia Zibilak lantokitik atera zituen.

Papera fabrikatzen zuten gizonezko langileak ez ziren gelditu enpresak etxera bidali behar izan zituen arte; izan ere, katean lan egiten zutenez, eurek papera atera eta multzotan uzten zuten, baina ez zegoenez emakumerik, ezin zituzten manipulatu eta ezin zioten kateari segidarik eman. Hala, gela guztia paperez bete zen eta ez zegoen tokirik gehiagorentzat. Grebak hilabete baino gehiago iraun zuen.

«Franco bizi zen, jakina, baina errepresioa, Guardia Zibila etorri izana, eta… adibidez, Pirenaica irratiak gutaz hitz egiten zuen. Esaten genuen: Baina zeinek bidali ote die informazioa? Dolores Ibarruri gutaz hitz egiten! Herri bateko greba bat, Hernanikoa… Alde batetik, haluzinatu egiten genuen (…) Herri osoak parte hartu zuen, eta uste dut herri osoak oroitzen duela maitasunez greba hura, eta ez dakit zergatik, agian emakumeak ginelako eta oso umeak, agian lehendabizikoa zelako…», adierazten du Miren C.-k.

Bere artikuluan, Begoña Gorospek erakutsi nahi izan du emakume hauek zein berritzaileak izan ziren. Hagitz garrantzitsua iruditzen zaio hori. Izugarrizko arriskuak hartu zituzten. Langileen kasuan, edozein gauzarengatik kartzelara eramaten zituzten. Estereotipoak puskatu zituzten.