GARA
DONOSTIA

Zarautzen abiatuko da gaur Gipuzkoako Txapelketako finalaurrekoen fasea

Arratsaldeko 17.30etik aurrera, sei bertsolarik hilaren 19an Donostian jokatuko den finalera begira botako dituzte euren bertsoak Zarautzen jokatuko den lehenengo finalaurrekoan.

Gaur emango zaio hasiera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen faseari, Zarautzen jokatuko den saioan. Final laurdenetako langa gaindituta, finalerako txartelak erabakitzeko azken galbahea izango dute bertsolariek fase honetan. Sei lehiakide izango dira gaur oholtza gainean, nor baino nor. Agin Laburu, Alaia Martin, Ander Lizarralde, Beñat Iguaran, Jon Martin eta Unai Gaztelumendi izango dira Aritzbatalde kiroldegiko saioan arituko direnak –Martindar anai-arreben arteko lehia ere izango da–. 17.30ean hasiko da saioa eta lehen sailkatuak zuzeneko txartela eskuratuko du abenduaren 19an Illunben jokatuko den finalerako.

Saroi Jauregi izango da Gipuzkoako kostaldeko herrian jokatuko den saioko aurkezlea eta egin beharreko lanak ondokoak izango dira: Binaka, gaia emanda, hamarreko handian, hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; eta kartzela, bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.

Saio horretako sarrerak salgai daude Bertsosarrerak.eus webgunean. Gazteenen sarreraren salneurria 6 eurokoa izango da; Bertsozale Elkarteko bazkideena, aldiz, 10 eurokoa. Gainerako guztientzat 13 eurotan egongo dira salgai. Gaur bertan ere sarrerak eskuratzeko aukera izango da Aritzbatalde kiroldegiko leihatilan arratsaldeko lauretatik aurrera.

Bi finalaurreko gehiago

Zarauzkoa finalaurrekoen fasearen hasiera baino ez da izango. Izan ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan beste bi saio jokatuko dira fase honetan. Hurrengo igandean Tolosan izango da bata, eta abenduaren 6an Eibarren, azkena. Hartara, beste hamabi bertsolari oraindik lehia barruan dira. Tolosan arituko dira Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Unai Agirre. Eibarren jokatuko den saiorako sailkatuak, bestalde, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Felix Zubia, Iñaki Gurrutxaga, Jon Maia, Mikel Artola eta Nahikari Gabilondo dira. Fase honetatik aterako da finalerako zortzikotea.