Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Hilen xarma», Leitzako heriotza bortitzen bilketa

Batez ere bizileku duen Leitzan eta inguruko herrietan azken hirurehun urteetan gertatu diren heriotza bortitzen kronikak bildu ditu Patziku Perurenak, argitaratu berri duen «Hilen xarma» liburuan. Goizuetan jaiotako egileak tokiko adinekoen oroimena eta garaiko artxiboak baliatu ditu zeregin horretarako eta, ziurtatu duenez, heriotzen gertakariak kontatzeaz batera garaiko gizartea ere irudikatzen da argitalpen honetan.

Inork bizia galdu duen puntuetan gurutzeak jartzeko ohitura zabaldua zegoen garai batean. Gurutze horiek, pertsonaren memoria ohoratzeaz gainera, gertaera jakin bat, pertsona jakin baten biziari amaiera eman dion ekintza edo unea, ekarri izan die gogora hura ezagutu zutenei eta, nolabait, istoriook memoria kolektiboaren zati ere bilakatu dira. Patziku Perurenak ez du ezkutatzen gurutze horiek atzean daramaten horrekiko jakin-mina eta lilura ere sentitu izan duenik eta, hala, urteetan zehar inguruko adinekoei galdetu izan die horien berri. Orain, gertakari horietatik «bortitzenak» bildu eta liburu formatuan argitaratu ditu, “Hilen xarma” izenpean.

«Nire inguruan, heriotza bortitzak izan diren lekuetan gurutzeak daude eta nik galdetu egiten nien adinekoei, dibertimenduz. Liburu bat argitaratzean beti egon behar delako dibertimendua, hori iruditzen zait inportantea dela irakurlea ere dibertitu dadin», azaldu zuen liburuaren aurkezpenean.

Kontakizun gehienak 1986 eta 1996. urteen artean bildu zituen Perurenak eta nagusiki bizileku duen Leitzako kontuak jaso baditu ere, Goizueta, Areso eta inguruko beste herrietako heriotzen kronikak ere aurki daitezke liburuan.

Gizartearen zertzeladak

Informazio iturri izan dituen adinezkoez gainera, garaiko erregistroetara ere jo du Perurenak eta ikerketa etnografiko itxurako liburua osatu du. Hala, heriotza bakoitzaren gainean adineko jendeak oroitzen duena eta kontakizunei egiazkotasuna ematen dion materiala bildu du. Patzikuren hitzetan, gertakari horiez aurkitu dituen erreferentzietan denetariko informazioa ematen da: «Ez da pertsona bat hil dela eta nola hil den esaten soilik. Artxiboan, ohartu nintzen heriotza liburuan azaltzen zela baserriaren izena, inguruko jendearen erreferentziak... Gizartearen berri ematen duten zertzeladak ere ageri ziren eta horiek ere jaso ditut liburuan», aipatu zuen.

Perurenaren hitzetan, liburuan «hiztun sentzilloek» esateko duten hori biltzen ahalegindu da eta, horregatik, adinekoek kontatutako pasarteak tokiko euskaran transkribatu ditu. Azaldu zuenez, zeregin honen bidez “herri literatura” egin nahi izan du, «egungo merkatuan dagoen literatura burgesarekiko ezberdina».