GARA
BILBO

Zientzia erakargarriago egiteko, irakasleak berdintasunean trebatzen

Elhuyar Fundazioak koordinatzen duen Sting izeneko Europako proiektuko 25 hezitzaile Amsterdamen bildu dira «zientzia-irakasleei genero berdintasunean trebatzen lagunduko dien metodologia prestatzeko». Zientzien irakaskuntza erakargarriagoa egitea da helburua.

Elhuyar Fundazioa buru duen Sting proiektua iaz abiatu zen, eta zientziaren irakaskuntzan eta generoan adituak diren lau unibertsitatek eta zientzia-museok hartzen dute parte. Irakasleak trebatzeko programa bat da eta, azaldu dutenez, «zientzia-, teknologia- eta matematika-irakasleek neska-mutilei ematen dieten irakaskuntza erakargarriagoa nola egin hausnartzea eta zientzia-irakasleei horri buruzko trebakuntza eta baliabideak eskaintzea» du helburu.

Sting izeneko Europako proiektu horren barruan, 25 hezitzaile Amsterdamen arituko dira aste honetan, zientzia irakasleei «genero-berdintasunaren inguruan trebatzen lagunduko dien metodologia prestatzen».

Fundazioak azaldu duenez, «nazioarteko ikasle eta ikastetxe, irakasleen trebatzaile, zientzia-zentro, unibertsitate eta hezkuntza eragile batzuekin lankidetzan sortu da material hori», eta bueltan bertako irakasleak trebatzeko saioa prestatu dute.

Zehazki, urtarrilean egingo da hori, Eibarko Berritzegunearen laguntzarekin, eta egun bakarreko saioa izango da. Horretan parte hartzeko, berritzegunean bertan izena eman behar dute irakasleek.

Lauroren saria

Elhuyarrek apirilean antolatutako Zientzia Azokan izan eta Ourenseko Tecnopole Parke Teknologikoko azokara joateko aukera lortuta, Galicienciaren 10. edizioko sari nagusia jaso berri du Lauro Ikastolako Betabot taldeak, fundazioak jakitera eman duenez.

Hezkuntza hobetzea helburu duen aplikazio bat garatu du Betabot taldeak. Ikasleen eta irakasleen arteko komunikazioa errazten duen softwarea da eta ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen da.

Elhuyarrek azaldutakoaren arabera, «oso harrera ona» izan du lanak Galiciencian, bisitarien zein epaileen aldetik. Galiziako azoka horrek 74 proiektu bildu ditu, eta horien artean Lauro Ikastolako ikasleenaz gain, Lauaxeta ikastolako ikasleena ere izan da.

Jasotako sariri esker, Bartzelonako Exporecerca azokara joango dira ikasleak datorren urteko martxoan.