Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Gasteiz Irekia

Mahai baten inguruan biltzeko aitzakia gutxi behar duen herrikoak gara. Bazkari eta afari oparoak antolatzen ditugun fama dugu eta antolakuntzan zorrotzak bagara ere, sekula ez zaigu axola izan mahaian plater bat gehitu eta lagun berri bati harrera egitea. Plater berri bakoitzeko istorio berri bat entzuteko parada dugulako, eta topa egiteko zenbat eta kopa gehiago orduan eta hobeto. Euskal Herriko ehunka pertsona bildu dira mahaiaren bueltan Bizilagunak ekimenari esker, eta etxeko ateak parez pare ireki dizkiete gure herria aberastera etorritako migranteei. Mugak ezarri, hormak eraiki eta ateak ixten dituen Europak galdutako duintasun eta elkartasun guztia, hamaika mahai-oihal xumetan bilduta. Ekimenean parte hartu duen Gasteizko lagun batek esan didan legez, beraien tokian jarri ahal izateko, ezagutu egin behar ditugu eta beraien tokian jartzean ohartuko gara, heriotzatik ihesi, giza-zozketak egiten dituen Europara sartzeko ahaleginetan ari diren milioika errefuxiatuen dramaren dimentsioaz.

Ateak zabalik dituen hiria da gurea. Munduko tortillarik handiena egingo zuela zioen iruzurgilearen aurrean, munduko arrozak maite dituen Gasteiz berria. Hiri koloretsuak maite ditugu. Zeru zabalera jaurtitako koloredun puxiken babesean eraikitako hiri anitza izan nahi dugu. Gasteiz Irekia.