Ariane KAMIO
ASTEASU

Obabaren metabolismoa

Obabako unibertso singularra gida bihurtu du Bernardo Atxagak. Musker bati segika zer nola deskubri daitekeen, idazlearen literaturan ernamuin izan diren jatorrizko gogorapenak argitara atera dira. «Muskerraren bidea», estereotipoen kontrako tesia, ibilbide orri izateko erditu da. Eta Asteasun dago.

Hamahiru urte eskas zituenera arte bizi izan zen Bernardo Atxaga Asteasun. Handik Andoainera, gero Donostiara Batxillergoko ikasketak egitera eta ondoren Bilbora, unibertsitatera joana zen orduko Joxe Irazu. Bizkaiko hiriburuan euskal literaturarekin harreman zuzena izango zuen, oraindik ere mantentzen den zilbor-hestea. Euskal letretan ibilbide emankorra izan du Atxagak, poesiagintzan, eleberrian eta haur literaturan argitaratuz. “Obabakoak” da idazle asteasuarraren lanik sonatuena, bai behintzat nazioartean itzulpen gehien izan duen euskal sorkuntza. Asteasun ere badu obrari erreferentzia egiten dion kale bat. Eta idazlea sorterrira itzuli da, baina ez ohiko eran. “Muskerraren bidea” (Pamiela) argitaratu berri du, unibertso partikular baten bueltan: Obaba hiria, herria, lekua. «Toki partikular hau niretzat bakarra da, ezin da subsumitu beste inolako ente orokorragoan. Politikoki, administratiboki, esan daiteke Tolosaldea dela, Gipuzkoa dela, baina poetikoki, literalki, da toki erabat aparte bat», esan zuen atzo idazleak.

Gida-tesi bat

“Muskerraren bidea” Donostia 2016 Kultura Hiriburutzak eta Asteasuko Udalak elkarlanean osatutako proiektua da. Herrian zehar, Bernardo Atxagaren literaturan, oro har “Obabakoak” eta “Bi anai” lanetan, erreferentzia diren leku eta oroitzapen iturrietan barrena bisita bat proposatzen du, hamazazpi geltokirekin orotara. Berea, gida moduko bat da, singulartasun horren gainean eraikitako tesi bat, urteetan modu ezegokian begiratu zaion toki partikularrarena.

«Fikzioa dela, poesia dela, literatura dela... beti tentsio batean ernatzen da. Baina tentsio horretara iristeko beti abiatzen da izpietatik, partikulartasun partikularrenetik». Ana Karenina jarri zuen adibide. «Andreei buruzko dena da, baina Tolstoik ezagutu zuen emakume jakin batean oinarritu zen. Nik ere bizitzaz idatzi nahi nuen, baina ez neukan erreminta berezirik. Nik entzundakoak, maisu-maistrek irakatsitakoak, gaitzak, heriotzak... besterik ez». Hain zuzen, Asteasun hamahiru urtera arte ezagututakoak, «agian nire bizitzako urterik garrantzitsuenak», eta, hortaz, bere lan askoren «ernamuin» bihurtu direnak.

Lau lerrokapen dituen tesia da “Muskerraren bidea”. Lehenengoa, Asteasu unibertso bat dela, toki jakin bat, beste lekuekin antzekotasunak dituen espazio desberdin bat. Bigarrena, euskaldunek –«zeresanik ez kanpotarrek»– ez dutela toki hori ulertu eta, hartara, uste horien aurkako gogoeta bat ere bada. Hirugarren, Juan Bautista Agirre eta Antonio Arrue bezalako pertsonaien aldarrikapena, estereotipoetatik at baitaude. «Halako tokiei begiratu dieten euskaldunak ez ziren ohartu horrelako pertsonaiez», egin zuen ñabardura. Agirrek duela 200 urte bost hizkuntzatan argitaratutako liburuez osatutako liburutegia zeukan. Arrue, aldiz, idazle karlista izatez, 1965ean Aresti, Gandiaga eta Mirande defendatu zituen lehenengoa izan zen. Atxagak defendatzen duen tesiko azken lerroa da balio poetiko handia duen ingurua dela. «Izan zitekeen harri apustu bat etxe batean eta ETAko militante bat ondokoan. Poesia eta egoera zailak oso lotuta daude, horregatik du zonalde honek halako balio poetikoa», gaineratu zuen.

Bernardo Atxagak paper gaineko gida proposatzen du, baina egiazki oinez egin daitekeen ibilbidean irudika daiteke idazle asteasuarrak paperera eraman duen ziutatea. Muskerraren bidea da, hain zuzen, imajinario horri Asteasun irudia eta ingurua jartzen dion 2.160 metroko ibilbidea. Zazpi geldiune, bakoitza informazio panel batekin euskarazko eta gaztelaniazko audioak dituzten QR kodeekin. Zazpi musker bidelagun, Bernardo Atxagak bere hastapenetako hamahiru urteetan ikusi eta ezagutu zituenen eta gerora oroitu dituenen guardian.

«Muskerra belarritik sartzen bazaik...»

«Muskerra belarritik sartzen bazaik, garuna jango dik eta tonto geratuko haiz». Muskerraren bueltan bi kontakizun ezagutzen zituen Bernardo Atxagak, eta hori aukeratu zuen berak, gerora “Obaba” Montxo Armendarizen filmean ezagun egin zen eszenara eramandakoa. Elizmendiko elizaren aurrera eraman gaitu. Bertan egin du atzerako kontaketa moduko bat eta eskola garaietara itzuli da. Eliza ondoko harmailetan atera zuten argazkira. Aniztasunaren irudira. Joxe Arregi bera ere han zen. Larunbatean, Muskerraren Eguna egingo dute Asteasun, eta bisita gidatuko du Atxagak berak. Gainera, argazki hartako neska-mutikoetatik bizirik daudenak berriro jarriko dira kameraren aurrean. Arratsaldean, hitzaldia eskainiko du udaletxean eta ondotik musika kontzertua izango da Mirari Irurzun eta Joxean Bengoetxearekin.A.K.