GARA
BILBO

Milaka ikaslek parte hartu dute Bizkaiko greba eta mobilizazio egun arrakastatsuan

Aspaldiko mobilizazio jendetsuena antolatu zuen atzo ikasle mugimenduak Bizkaian, arrakastatsua zinez, greba eguna aurrera ateratzeaz gain, milaka eta milaka lagun bildu baitzituen eguerdian Bilboko erdigunean egindako manifestazioan. Inposiziorik gabeko hezkuntza baten aldeko aldarria kalera atera zuten deialdiarekin bat egin zuten ikasleek, eta #GureBorrokatu traolak ere erantzun zabala izan zuen sare sozialetan, asko izan baitziren bertan mezuak eta argazkiak sartu zituzten lagunak.

Hain zuzen, “Ikasle antolakuntzaz, gurea borrokatu! Inposaketen gainetik ikas baldintza duinen alde!” leloak irakur zitezkeen manifestazioa irekitzen zuen pankartan, eta horixe bera galdegin zuten mobilizazioa deitu zuten eragileek, «herriaren mesedera dagoen hezkuntza sistema propio» bat ezartzea, alegia. Bide horretan, handiena izanagatik, eguerdiko manifestazioa ez zen atzoko mobilizazio bakarra izan, ikastetxe eta fakultate ugaritan ekimen propioak egin baitzituzten goizean, hala nola eztabaidak eta giza-zutabeak.