GARA
DONOSTIA

Hezkuntza eragileek eraikuntzara salto eginen dute gaur

«Eraikuntzara salto egingo dugu!» leloarekin, Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko kaleak alaitasunez eta aldarriz beteko dituzte gaur hainbat hezkuntza eragilek. Hezkuntza Plataformen Topaguneak hartu du lekukoa, baina argi utzita ez direla inor ordezkatzeko sortu eta irakasle, ikasle, herritar eta familiak direla. Hiru puntuk batzen dituzte: Lomceri aurre egiteko konpromisoak, inposaketen kontra egoteak eta hezkuntza sistema propiorantz pausoak eman nahi izateak.

10.00etan batzarra izanen da Iruñean (Biurdanan) eta ondotik, 11.00etan, elkarretaratzea. 17.00etan, kalejiran aterako dira aipatutako bertze hiriburuetan. Hainbat eragile bilduko dira: Kontseilua, Ikastolen Elkartea, Sortzen, Ikasle Abertzaleak, Bilgune Feminista, LAB, ELA, Steilas, ESK, Hik Hasi, Urtxintxa eta Amarauna Astialdi Elkarteen Sarea.