Nerea GOTI
BILBO

Amnistiaren aldeko aldarriak 4.500 lagun bildu ditu Bilbon

Amnistiaren aldeko aldarrikapenak 4.500 lagun bildu zituen atzo, Bilbon. Mobilizazioaren deitzaileek aldarri estrategikoa berreskuratzera deitu zuten, errepresaliatuak libre eta baldintzarik gabe etxeratu eta zapalkuntza nazional eta soziala gainditzeari begira.

Zerua ateri, Jesusen Bihotzaren plazatik irten zen amnistiaren aldeko mobilizazioa arratsaldean, minutu batzuetako atzerapenarekin eta «Presoak kalera, amnistia osoa» oihu ozenen artean. Martxa jendetsuaren buruan, zuriaren gainean beltzez “Amnistia” zioen pankarta zabaltzean, txalo zaparrada handiekin erantzun zuten bide bazterretan bildutakoek.

Mobilizazioaren hasieran, “Euskal preso eta iheslariak etxerat” zioen pankarta bat zabaldu zuen Elkartasun Antifaxistak, eta ondoan, amnistiaren aldarrikapenarekin bat egiten zuen eta galegoz zegoen beste mezu bat zabaldu zuten militante galegoek, bertako bandera ugariren artean.

Ibilbide osoan, hainbat lelo zabaldu zituzten, hala nola “Amnistiarik gabe bakerik ez”, “Jo ta ke irabazi arte”, “Espetxeak apurtu” eta “Errefuxiatuek Euskadin bizi behar dute”. Kale Nagusia hartuta, Moyua plaza gurutzatu eta Abandoraino heldu zen eta handik Arriaga plazaraino, Nabarra kaletik. Ibilbidean zehar hainbat puntutan Ertzaintzaren furgonetak ikusi ahal izan ziren.

Moyua plaza gaindituta, GARAk egiten ohi duen zenbaketaren arabera, 4.500 lagun bildu zituen deialdiak.

Arriaga plazara helduta, bukaera ekitaldian, amnistiaren aldeko eta errepresioaren aurkako mugimenduko kide batek «hamaika kontrol» izan zituztela adierazi zuen eta mobilizazioari babesa emateko jasotako hiru mezu irakurri zituen, Huelva eta Kordobako espetxeetatik bidalitako bi eta Asier Guridi euskal iheslariak igorritakoa.

Bertsoen osteko amaierako mezuan, beste herri batzuek helarazitako elkartasuna eskertu zuten. Azaldu zutenez, orain urte eta erdi «bazter batean ahaztutako aldarrikapen estrategikoa» berriro ere kalera ateratzeko konpromisoa hartu ondoren, «oztopo guztien gainetik» Bilboko kaleak «amnistiaren aldeko oihu ozen eta argiz» bete zituztela nabarmendu zuten.

Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz irakurritako mezuan, «amnistiak preso, iheslari eta deportatuak etxera libre eta baldintzarik gabe itzultzea bilatzeaz gain, Espainiako eta Frantziako estatuek gure herriaren aurka mantentzen duten zapalkuntza nazional eta sozialaren gainditzea» ere barnebiltzen duela adierazi zuten. Gaineratu zutenez, «errepresaliatuak dauden bitartean ez da bakerik egongo, ezta Euskal Herria preso mantentzen duten bitartean ere».

«Inflexio puntu bat»

Errepresaliatuak etxera libre itzultzeaz gainera, amnistiak adierazten duena «herriek borroka egiteko daukaten eskubideren onarpena» dela azaldu zuten, baita «errepresioari zilegitasuna kentzea» ere.

«Independentzia eta sozialismoa amnistiarekin batera izango dira edo ez dira izango», adierazi zuten, eta «benetako bakea lortzeko berme bakarra» dela defenditu zuten.

Ekitaldiaren bukaeran, “Eusko Gudariak” eta “Internazionala” abestuz agurtu aurretik, deitzaileek azaldu zuten atzoko mobilizazioa «inflexio puntu» izan behar dela, eta «etorkizuneko erronkei indarrez ekiteko» eta erronka honen inguruan «antolatu eta borrokatzera» dei egin zuten.