Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

CUPida

Ni Mas ni març». David Fernandezek puntu laburretan deskribatu zuen kataluniar independentismo eraldatzailearen ildo politikoa. Adostasun horren alde, 823 ordezkari asanbladan. Ondoan plaka tektoniko bi. Mas inbestitzearen alde 434 ordezkari eta JxSi-ren 62 hautetsiak. Martxoan hauteskunde berriak egitearen alde 574 ordezkari, hautetsi unionista guztiak, espainiar Estatua, Europar Batasuna eta Lanisterrak. Presioa pascaletan neurtzetik CUPetan neurtzera igaro dira zientzialari batzuk.

Euskal Herrian ERCrekin hartu-eman historikoa duten euskal independentistek ziurtzat ematen zuten Masen inbestidura (euskaraz esanda oso gauza iraultzailea ematen du). CUPek orain halako erabakimenik ez zuela nahi esateraino heldu ziren batzuk akordioa hainbeste atzeratzea azaltzeko. Autonomista foralek prozesu katalanaren porrota antsiatzen dute, ezker independentista CUPekin lotu eta elkarlana ukatzeko. Bide batez, ezkerraren barruan sistematik hurbilagoko diskurtsoa eragin.

Adostasunik ezaren erantzukizuna CUPengan zentratzeko euskal joerak ezker abertzaleak EAJren proposamen politikoekiko izan duen eskuzabaltasun historikoan du oinarrietako bat. Gutxi aztertu den gaia. Baina Mas, soilik ustelkeriarekiko hurbiltasun fisikoa eta horrek politikoki espainiarrei ematen dien diskurtsogintza gaitasuna kontuan hartuta, zama bat da kataluniar prozesurako. Eta JxSik kontziente izan behar luke.

Tempus politikoari begira, bikaina iruditzen zait CUPen jokaldia. Espainiar hauteskundeetan gaia apur bat hoztea ahalbidetu du, Siriako gerrako ondorioekin batera. Justu orain arinago joateak botoa lar polarizatu lezake Espainian.

Inperioko hauteskundeen ostean, ostera, CUPida sentitu, Masi bigarren aukera eman eta mesfidantzarik ez biderkatzeko, inbestitzea suerta liteke. Inteligentzia emozionalaren garaipen bat litzateke?