G. M. ZUBIARRAIN
BAIONA

«Doi»: patsadaz ondutako Maddi Oihenarten kanta naroak

SokaHots orkestra lagun duela argitaratu du Maddi Oihenart zuberotarrak bere azken lana, herri musika oinarri duena. Hamaika kantu bildu ditu. Noir Desir-eko Bertrand Cantatek bi kantutan hartu du parte. Hitzen josketan Itxaro Borda eta Leire Bilbao idazleak aritu dira.

Abeslari gotaintarrak, bidelagun berriekin elkarlanean, ohi bezala Zuberoko doinuak oinarri, eremu zahar-berriak jorratu ditu «luzaz ondutako» bere azken lan honetan. Duela lauzpabost urte abian jarritako asmo baten uzta da «Doi», etengabe patsadaz ontzen aritutako, «ikertzen, zohitzen eta hobetzen» aritutako, hamaika kanta. Doi izena, hain zuzen, lanaren bururatzeko ariketa aberats hori islatzen duelako eman nahi izan diote disko berriari.

Zuberoan ez dituzte kantuak «egiten», kantuak «ontzen eta ontzen» baizik, Oihenartek azaldu zuenez. Lan horrek amairik ez duenez, noizbait bukaera eman behar eta hortik «doi», baleko, hori. Ez da hitzaren adiera bakarra ordea. Ugaritasunaren atzizkia ere bada «doi», euskal herrialderik txikienean toponimian eta etxe izenetan maiz ageri dena. Ezpela erruz hazten den tokiari esaten zaio ezpeldoi, argitu zuen Oihenartek, eta lan hau ere «oparoa» da; «bide guztiak ikertu» dituzte kantuok osatzeko. Horregatik ere bada «doi». Eta azkenik, hitzaren ahoskera dute maite.

Disko honetako benetako protagonista SokaHots orkestrako Jeremie Garat musikari gaztea dela aipatu zuen abeslari zuberotarrak Baionan egindako aurkezpenean, «hark baitu bidea egin; nik jarraitu diot soilik», adierazi zuen Oihenartek.

Mixel Etxekoparekin batera egin zuen laneko kanta bat asko gustatua hasi zen bien arteko haria ehuntzen. Garatek luzatu zion elkarlan gonbita, eta Oihenarti asko kostatu baietza ematea. Baina barrenean zuen kezka bati erantzuteko aukera zemaion eskaintzak: bere ibilbideari so, Ipar Euskal Herrian kontzerturik ez duela eman jabetua zen eta arrangura horretatik ere sortua da, hortaz, %100 zuberotarra den lana.

Garatekin batera Romain Baudoin aritu da musika mailan SokaHots orkestran. Ahots-sokak eta sokazko musikatresnak dituzte lanabes. Hortik izena.

Sohütako Larrazkena estudioan grabatu dute «Doi», eta zigilu berri baten hasiera ere bada: Reseda. Berariazko hautua, «libertatean» landu nahi izan dutelako diskoa, «nahi dugunean eta nahi dugun eran» egina, estudio profesionalek halabeharrez jartzen dituzten baldintzetan ezinezkoa den eran.

Poemak ispilu

Kantuetako hitzak Maddi Oihenartek berak, Itxaro Bordak eta Leire Bilbaok josi dituzte. Oihenartek aitortu du, bai Itxaroren poemak, bai eta Leirerenak ere, «ispilu» direla berarentzat, bere buruaren isla topatzen duelako idazle horien olerkietan.

Noir desir rock taldeko abeslari Bertrand Cantatek bi abestitan hartu du parte. Euskaraz abestera «ausartu» da, gainera, lehen aldiz abeslari biarnotar ezaguna, eskertu du Oihenartek. Lehendik parte hartua zuen rock taldearen lan batean, eta oraingoan Cantati eman nahi izan diote esker oneko aukera. Odolkiak ordainetan izaten dira.

Kanta herrikoiak dira «Txori berriketariak», «Zeta haria» eta «Emazte fabore», berriak gainerako zortziak. Kantu melodikoak, «minimalistak», artisauaren jardunetik asko dutenak, Garaten hitzetan. Asko maite baitu artisautzaren metafora musikara eramana: artea egiten du artisauak, eskuz berak landua eta egiten duenaren jabe da.

Denboraren mugarik ez diote jarri nahi izan euren buruari, zinez garrantzizkoa dela uste baitute hori lan batek «heldutasun on» bat erdiets dezan. Beta eskatzen du musikak, «bide delikatua» izanik ibili dutena. Ezin daiteke horren «gordina» den herri doinuarekin «arinkerian bili». Hori ez da, ordea, emana.

Lan zinez pertsonala dela aitortu dute biek, norberaren gustuak eta nahiak jasotzen dituena. Baina lan hetereogeneoa, epe hain luzean eginik kantek bilakaera izan dutelako. Maddiren ahotsa bi segundoz entzute hutsarekin jabetuko da entzulea diskoaren nortasunaz.

 

zuberoan egina, zuberoatik egina %100ean

Sohütako Larrazkena estudioetan grabatu dute lana. Partehartzaileak zuberotarrak dira. Lanaren inspirazio iturri, Zuberoako herri musika. Haratx zergatik den Doi %100 zuberotarra.

Konposaketan «zerbait minimala» lortzen saiatu direla azaldu dute Jeremie Garatek eta Maddi Oihenartek, progresiboa den zerbait, Zuberoako herri kanten ADNan dagoen egitura xume progresista horrekiko leial izateko nahikeriaz. Denboratik betara, astira, egindako jauzia da lana, gaurko entzuleok ohitura galdua dugun herri kanten luzerera eta erritmoetan murgiltzeko aukera. Berritik ere badu alabaina, eta esaterako, folk estatubatuarretik gitarra nahasteak hartu dituzte. Kantuen izaera minimalista horrek damaio “Doi”ri, Garaten hitzetan, «koherentzia», estiloetan erabata hetereogeneoa baita. Lehen kantak jarri zuen adibide, «Ezinen oreka». Abestia haiena ez dela sentitzen du orain, eta «urrutasun hori oso polita» da.G. M. Z.