NAIZ
DONOSTIA

Gaur erabakiko da nork jantziko duen Gipuzkoako Txapelketako txapela

Arratsaldeko 17.00etan abiatuko da finala Donostiako Illunben eta zortzi bertsolariren artean erabakiko da irabazlea nor den: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Jon Maia, Agin Laburu, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.

Nork irabaziko du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa? Erantzuna gaur iluntzera arte ez da jakingo, bada. Arratsaldeko 17.00etan abiatuko da finala Donostiako Illunben eta zortzi bertsolariren artean erabakiko da irabazlea nor den. Beñat Gaztelumendik hirugarren finala izango du gaurkoa. 2011n eta 2014an azken saioa jokatutakoa da, baina ez du sekula txapela bereganatzeko aukerarik izan. Lehian, baina, aurkari finak izango ditu. Alaia Martin, Jon Maia, Agin Laburu, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.

Ion Zaldua eta Saroi Jauregi gidari izango dituen saioan, hainbat lan burutu beharko dituzte zortzi bertsolariek: Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso; eta kartzelako lana: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso. Lan horien ondotik, saioko bi onenek buruz burukoa jokatu beharko dute txapela noren esku geratuko den erabaki aurretik. Bertan egin beharrekoak: Binaka, gaia emanda, puntutan, zortziko txikian, zortzi bertso osatu arte; binaka, gaia emanda, sei puntuko motzean, hiruna bertso; eta kartzelakoa: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso. Azken bi horien artean erabakiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurtengo irabazlea. Txapela Inaxi Etxabe oikiarrak jarriko dio garaileari.

Sarrerak Internet bidez erosteko aukera atzo amaitu bazen ere, gaur arratsaldean, 15.00etan, zabalduko dira Illunbeko leihatilak. Ohi bezala, Bertsozale elkarteko bazkideek prezio berezia dute sarreran, 15 euro. Gaztetxoen sarrera 10 euroan da, eta gainerakoena, 20 euroan.

Illunbeko ateak 15.30ean zabalduko dira. Internetez erositako sarrera guztietan agertzen da aretora zein atetatik sartu behar den (3 edo 10A ateak). Sarrera salmenta guneetan erosi dutenek, berriz, 1. atetik sartu beharko dute. Hala ere, behin aretoan sartuta, bertsozaleek batetik bestera mugitzeko aukera izango dute eta nahi duten lekuan esertzekoa.

Illunbera joateko aukerarik ez duenak ere zuzenean jarraitu ahal izango du finala. ETB4 kateak osorik eskainiko du eta Internet bidez Bertsoa.eus eta Eitb.eus atarietan ere emitituko dute Aitzol Barandiaran eta Anjel Mari Peñagarikanok aurkeztuko duten emanaldia.