Amagoia MUJIKA
DONOSTIA
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETAKO FINALA

Beñat Gaztelumendik, hirugarrenean, Illunbeko txapela

Illunbek hazten ikusi du, igual horregatik maite du hainbeste. Bere hirugarren finalean eta bere hirugarren buruz burukoan jantzi du Gipuzkoako lehen txapela Beñat Gaztelumendi añorgarrak. Alaia Martin eta biak iritsi ziren buruz burukora eta erremate ederra eman zioten final eder bati. Martin ere txapeletik gertu ibili zen.

Hirugarren Illunbe, hirugarren buruz burukoa eta, azkenean, txapela. Final bezperatan eta finalean bertan oso presente izan du Beñat Gaztelumendik duela zortzi urteko finala. Orduan olatu gainean sentitu zen, orduan «txahala» sentitu zen zezen artean. Atzoko finalean garbi utzi zuen hazi egin dela txahala, pausajea sendotu zaiola eta baduela txapela gozatzeko patxada nahikoa.

Inaxi Etxabe oikiarrak jantzi zion txapela Gaztelumendiri oso une ederra marraztuz. Bere garaian baimendu ez zizkioten plazen ordainaren parte bat izan zitekeen Illunbekoa. Txalo zaparradaz aupatu zuen entzuleak eta Inaxi Etxabek garbi erakutsi zuen oholtza eta mikroa gustuko lagunak dituela. «Nik opa dizut horrei begira eta horrekin gozatzea», aholkatu zion txapeldunari. Gaztelumendiri txapelak ederki ematen dio, tamainakoa ikusten zaio, bertsolari handi baten neurrikoa.

Illunbeko plazak asko maite du Beñat Gaztelumendi, igual izango da hazten ikusi duelako. Ederki ospatu zuen plazak añorgarraren txapela. Agurrean gogoan izan zituen bidean lagun izan dituenak; «Milesker Iker Alustizari/ Esoain ta Sukiari/ Eizagirretar bixkiei eta Hernaniko kuadrillari/ ume beldurti hau jartzearren erratz batetik kantari/ zuek bezela bertso eskoletan ari da jende ugari/ konpromisoa eta jolasa hitza direnez gauza bi/ bertso eskolaz bertso eskola belaunaldiz belaunaldi/ hau zuentzat da zeratelako ahots bat ematen ari/ isilik egon behar zuela esaten zioten hari».

Ba eskerrak ez zen isilik geratu, atzo berriz ere garbi utzi baitzuen asko duela esateko, eta oso modu ederrean esaten asmatzen duela. Saio osoa egin zuen Gaztelumendik, lanean hasieratik bukaerara, zer esan eta nola esan zorrotz neurtuz.

Buruz burukora Alaia eta biak iritsi ziren, distira handiz bata zein bestea. Amaieran hemeretzi puntuko aldea atera zion añorgarrak. Buruz burukora iritsi zirenerako hamalau puntu eta erdiko aldea zuen Gaztelumendik eta azken partean paretsu ibili ziren biak.

Saioa luze joan zen arren, lortu zuen bertsozalea azken bertsoraino piztuta mantentzea. Buruz burukoa ederra izan zen, puntukako ariketan beheraxeago aritu baziren ere, seiko motzean buruz buruko egiatakoa osatu zuten, arrazoia arrazoiaren kontra.

Kartzelako gaian puntutan berdindu egin zuten, baina Gaztelumendirena biribilago joan zen. Hauxe zuten gaia: Etorkina zara. Orain sei urte etorri zinen Euskal Herrira. Ordutik ikusi ez duzun alaba bihar etorriko da.

Beñatek hiru perla utzi zituen. Hau, bigarrena; «lan egin nahian pasa nituen uda eta udazkena/ iritsi berri haien artean nola ni nintzen gaztena/ ni nintzen inork nahi ez zuena ni nintzen beti azkena/ soldata gabe etxerik gabe ze pobrezi ta ze pena/ lan bat lortu det azkenik baina orain naiz salbuespena/ hil bukaera heldu ezinik beti lepoan eztena/ hain da tristea hain da gogorra etorkinaren eskema/ beti etortzen beti etortzen eta iristen ez dena».

Alaia Martin, bigarrena 993, goitik aritu zen saio guztian. Oso zentratuta eta oso langile, lehen bertsotik abixu eman zuen zertara zetorren. Distira handiko uneak utzi zituen. Nabarmentzeko ale asko utzi zituen arren, lehen kartzelakoan zuzen iritsi zen jendearengana. Lehen kartzelakoan kalean opari bat hartuta eta irribarrez doana izan zuten hizpide zortzi bertsolariek. Alaia Martinek maite zuena ikusi zuen, beretzat ez zeraman oparia eramanez San Balentin egunez. Hauxe, bigarrenaren bukaera: «...garai batean guztia izan genun erdibana/ ta orain nirea ez den oparitxo bat darama/ oparirik ez dut behar berez hori ez da traba/ irribarrea izan da min gehien egin didana». Egia esan atzo Alaia Martinek Illunbe konkistatu zuen, berriz.

Hirugarrena Agin Laburu geratu zen, fresko, beretik, gozatuz, zirikatuz eta harrituz. Astigarragakoak askotan mugiarazi zuen entzulea aulkitik, bereak dituen umore ziztadez eta espero gabeko leihoak zabalduz gaiei. Zortziko nagusian eman zuen lehen kolpea, Xamoarekin batera. Herriko bertso eskola sortu zuten eta erreleborik topatzen ez zuten beteranoen azalean, perla hauxe utzi zuen bigarrenean Xamoari erantzunez, «zeozer gaizki egin degula ez gattuk hasi ederki/ gu biok izan bihar badegu gazte guztien aterki/ gure pausuan nahiz ta poliki joan emeki emeki/ diferentia litzake Messik bertsotan baldin baleki».

Laugarrenak, Iñaki Apalategik, gozatu egin zuenaren sentsazioa eman zuen saio osoan, irribarretsu eta patxadaz aritu zen, punta ateraz gaiei eta ariketei. Zortziko nagusian Beñat Gaztelumendirekin aritu zen, gaixo dagoen eta hirugarren graduarekin askatasuna ematen ez dioten presoaren senideen azalean. Gaztelumendik hasierako bertsoan preso hori Ibon zela eta hiesa zuela zehaztu zuen (Ibon Iparragirreren egoera oholtzara ekarriaz) eta oso goitik josi zituen hiru aleak. Apalategik eutsi egin zion, hauxe hirugarrena: «presoak ziegan usteltzen eta ustela hainbat goi kargu/ eskaera denak ukatzen dira nahiz paper denak azaldu/ ta hirugarren graduarentzat eskubiderik ez badu/ justiziak eman behar lituzke ehun ta larogei gradu».

Unai Agirre, bosgarrena, zortziko nagusitik hasi zen plaza pausaje propioz zapaltzen, bertsokera propioz, hizkuntzarekin jira ederrak eginez, arrazoia arrazoiaren gainean jartzen. Illunbeko entzuleak asko gozatu zuen Unairekin eta berotasuna eman zion bueltan. Oihana Iguaranekin zahar etxean senideen bisita zain dauden aitona-amonen azalean aritu zen Agirre. «...nahiz egunero ohetik jaiki ta bixitarako presta/ hilabetian behin datorrena hori familia ez da», bota zuen. «Orain ostikoz jo dan txakurra bezela hemen gaude gu/ baina serio aitortu deigun gehiegi eman diegu», bigarrenean. Eta azken bertsoan bidaian joateko proposatu zion bikoteari.

Seigarren, Oihana Iguaran. Zozketak lehen tokian jarri zuen eta berak abiatu zuen saioa, bai agurrarekin eta baita zortziko nagusian ere, Unai Agirrerekin. Oihana Iguaranek bere lehen finala nota oso onarekin gainditu zuen, patxada elegantez eta ahots propioz. Kantaera ere ederra du, hitzak dotoretzen dituena, eta hori ere bere alde. Ez zitzaion Iguarani Illunbeko oholtza handi geratu, eta behetik begira eroso sumatu zen.

Zortziko txikian Iñaki Apalategirekin ere punta ederrak marraztu zituen. Txiste kontalari baten parean, Apalategi barrez lehertzen eta Oihana, serio antzera. «...parrez lehertzen ari da, tipo enklenkea/ nik nayo det umore inteligentea».

Jon Maiak zazpigarren egin zuen. Bere pisua sagardotan etxeratu zuen. Bere pisua bertsotan, ezin da neurtu. Atzo plaza zaila izan zuen, estua, eta lana majo egin arren, ez zuen nahi adina distirarik lortu. Azken agurrean bertsozaleak mimatu eta besarkatu egin zuen, Maia hunkitzeraino. Kartzelakoan, baina, sinadura propioko aleak utziko zituen. Lehena: «telebistari begiratuta iskanbila ta endredo/ heriotzaren motibo dira politika ta genero/ gerra berri bat ikusten degu pantailetatik goizero/ mendebaldea ekialdea berdin ipar ala hego/ biktima asko dago kalean ta bada nahiko porrero/ hemen mundua ez ote doa hankaz gora erdi ero/ abenduaren hogeita laua ez nuen asko espero/ oraindik ere irri batekin zebilenik Olentzero».

Xamoa izan zen zortzigarrena, irribarre ederrenarekin ospatu zuena. Utzi zituen markatxoak bere lehen Gipuzkoako finalean.

 

Puntuaketa

1.012 BEÑAT GAZTELUMENDI arandia

Hirugarren buruz buruzkoa eta lehen txapela. Bikain

993 ALAIA MARTIN ETXEBESTE

Arima eta maila handiko saioa josi du

614,5 AGIN LABURU REZOLA

Beretik, entzulea zirikatuz eta aulkitik mugiaraziz

603,5 IÑAKI APALATEGI ASTIGARRAGA

Langile eta ertzak marraztuz. Irribarrez osatutako saioa

595,5 UNAI AGIRRE GOIA

Jendearengana iritsiz eta bertsozalea konkistatuz

594 OIHANA IGUARAN BARANDIARAN

Fresko, patxadaz, eroso, plaza ez zitzaion handi geratu

586 JON MAIA SORIA

Lan handia egin arren, nahi baino distira gutxiagoz

571,5 ARKAITZ OIARTZABAL AGIRRE «XAMOA»

Bere lehen finala txukun eta marka propioz osatu du