Maider IANTZI
BERTSO EGUNA

LARI ETA ZALEAK BATERA, ATE BAT ALA BESTEA IREKIZ ESPERIMENTATZEN

OHOLTZAREN ALDE BANATAN HIRU ATE GORRI, BERTSOLARIAK SEGUNDO GUTXITAN HARTU BEHAR DITUEN ERABAKIEN IRUDI. ANTOLATZAILEAREN DEIA JASOTZEN DUENETIK LEHEN NOTA KANTATZEN DUEN ARTE DITUEN AUKERAK ARAKATU DITUZTE KURSAALEN. ATEEN BESTALDEAN ZER DAGOEN IKUSI NAHI?

Sartu lasai, Oihana Iguaranek abestu bezala, ate zuzena ez baita zuzenean helmugara doana, bide zuzena noiz eta nola okertu hautatzea baita. Ez izan kezkarik, Jon Maiak dioen gisan, edozein herritako atean daudela, jakinik bestaldean bertsozaleak daudela, bertsolaria beti sentitzen baita etxean bezala. Andoni Egañaren hitzak erabiliz, bertsolari eta bertsozale, biek bat eginik esperimentatu, Bertso Egunean «-lari» eta «-zale» bereizteak ere batere zentzurik ez baitu.

Bertso Eguna mimo handiz prestatu izan da 1968tik urtero-urtero Donostian. 24 orduz bertsoez gozatzeko hitzordua da, goizez, arratsaldez eta gauez. Atzo ere hala egin zuten. Hasteko leporaino bete zen Picachilla garagardotegia, saio musikatua aditzeko, eta bertan izan zirenak hagitz gustura atera ziren.

Bazkaldu eta bertsoz bete ziren Moneoren kuboak, eguneko ekitaldi nagusian. 1.500 bertsojale eseri ziren, harrituko zituen zerbait desberdinaren gosez, beti saiatzen baitira zita honetan gauza berriak probatzen, aldiro gai bat ardatz bezala hartuta. Atzoko gaia zein zen argi gelditu zen oholtza ikusi orduko: ateak, aukerak. Bi txandatan banatuta, hamar bertsolari goititu ziren eta segundo gutxitan hartu behar izaten dituzten erabakiak erakutsi zituzten. Normalean beren buru barrenean gelditzen den ariketa kanpoan egin zuten.

Dei batekin hasten da dena

Aitziber Garmendia aurkezleak antolatzaileen deiaren ondotik zer sentitzen duten galdetu zien. «Bertsolariak telefonoa hartu beharra du BEZa/ halare deiak ugaritzeko izaten du interesa/ deiak bi alde izaten ditu esaten ez da erreza/ jasotze unean poz ematen du abitze unean pereza», erantzun zion Egañak.

Bertze ariketa batean, eskolan batera ibili ondotik kinto afarian biltzen direnen paperean jarri zituen. Nola ote dabil bakoitza? «Irriparrea egiten zuen monja nobiziek bezala/ gaur egun adarra jotzerik hari ez dugu bela/ nabaritzen da bertso plazatan asko gaiztotu dutela», kantatu zion Egañak Iguarani.

«Bai egia da monjaren pare neukala noizbait mingaina/ baino urteek eman didate hau aldatzeko ordaina/ plazetan sarri aritu ohi naiz ta hartu diot tamaina/ gaiztakeritan maisu bikaina baita Andoni Egaña», gaztearen erantzuna.

Etxahun Lekueri hala bota zion zarauztarrak, mutiko grisa zela erranez: «Beti terditan legoke hori erlojua balitza». Eta Unai Iturriagari, geldirik egoten ez zen mutikoari: «Leheno hizketan ez zekien ta orain entzuten ere ez». Iturriagaren erantzuna ez zen gozoa izan eta algaraz jarri zituen entzuleak: «Zaila da orain ni hitzontzi bat naizenan horri eustea/ ja ez zara klaseko handiena ta ja ez zara gaztea/ pozgarria da zu burusoil ta ajatua ikustea».

Hurrengo bertsoaldia xelebrea izan zen, Lekuek eta Iguaranek kotxe berde txiki batean sartuta kantatu behar izan baitzuten. Puntuka irudikatu zuten etxetik saio baterako bidea.

Berez bizi joan zen saioari erritmo handiagoa jarri zioten Odei Barrosoren 2zio taldearen rap doinuek. «Zango herrenetatik pauso zuzenak/ esperientzia txarrenetatik datoz ondoriorik onenak», abestu zuten. «Jakin nahi nuke lagun zergatik egiten dugun irri elkarrekin eta negar bakarrik». Segundo gutxitan, ze lerro sakonak.

Non eseriko zinateke?

Puntuz puntu berotzen joan zen giroa Kursaalen. Saioaren bigarren zatian, Aitziber Garmendiak aukerak ematen segitu zuen. Non eseriko liratekeen galdetu zien bertsolariei.

Fredi Paiak eta Oihana Bartrak erdialdeko eserlekuak hautatu zituzten, babesa sentitzeko. «Ahal banu, lehenbizikoa behintzat ez, pentsatzeko denbora gehixeago izateko», erantzun zuen Julio Sotok. Jon Maia «bigarren edo» jarriko litzateke, hasiera aldera kantatzea nahiago duelako. Ausartena, Agin Laburu: «Ni lehenbizikoan eseriko nintzake, gustatzen zait iniziatiba eramatea».

Baina nahi izatea gauza bat da eta lortzea bertzea. Irrigarria izan zen bakoitzak ze aulkitan bukatu zuen ikustea, justu pentsatutakoaren kontrako lekuan. Azken-aurreko aulkitik, bertso borobil hauxe bota zuen Paiak: «Azken aulkia izan liteke ideia onen erbeste/ lehena berriz kamara denen jo puntu ta zilbor este/ babesten gara nahiz eta jardun lehenengo aulkien eske/ hitz egitean ausartak gara ekitean ez hainbeste».

Bigarrenetik, irri-algaraka jarri zuen publikoa Laburuk: «Ta nik lelena esango zute hau da txulo puta kasta/ baina gaur Julio aurreratuta ni bigarren jarri naiz ba/ hor etorri naiz eskileretan korrika ta arrapazta/ baina Juliok nik baino askoz hanka luzeguak dazka».

Maiaren marra gorriak

Bakarkakoetan Jon Maiaren marra gorriak zeintzuk diren ikusi ahal izan zuen jendeak. Aurkezleak kartulina batzuk jarri zizkion lurrean, esaldi banarekin. Zumaiarrak baztertu zuen lehena “puntu motzak” izan zen. Ondotik “politikoki zuzena” eta “drama sortu”. Barruan, “umorea”, “nire errealitatea kontatu” eta “sorpresa bilatu” utzi zituen.

Barregarria izan zen jubilatu klaseekin egin zuten desfilea: ikastaro guztietara apuntatzen dena; beti umezain dagoena; beti obrei begira dagoena, barandilla eta guzti agertu zena; urtearen erdia Benidormen ematen duena... Joko handia eman zien bertsolariei eta gustura aritu ziren. «Edozein gauza gusto handiaz egin dezaket berez/ edozein gauza baina esklabu gisa ilobak zaintzea ez», ohartarazi zuen Xabier Terrerosek.

Laburuk tarifa jartzea proposatu zuen orduan: 12 euro ordua. Eta ideiak sekulako arrakasta izan zuen jubilatuen artean. Hala Benidormera ez Kubara joanen liratekeela abestu zuen lesakarrak.

Saioa amaitzeko, Txanogorritxoren ipuin propioa sortu zuten Paiak eta Sotok, umoretik hauek ere, pasartez pasarte bi aukeraren artean erabakiz. Eta majo korapilatu zen kontua, Juliok Frediri «enamoratzen ari naiz eta ezkondu zaitez nirekin» kantatzeraino. Eta istorioak aitzinera segitu zuen afaritan, ate bat zabalduz, gero bertze bat... esperimentatuz eta, batez ere, gozatuz.