Jon GARMENDIA
Idazlea

Erorialdia

Badira zeru ilunak, ez ilun-korromorrotuak, baizik eta iluntzerik gabe belztu direnak; ortzimugarik ba ote duten pentsatzera jarri gabe gure begirada haietan iltzatu orduko pentsamenduak goibeltzen dizkiguten zeruak; eta horiek dira ilunetan ilunenak, egun-argitan beren gardentasuna mantenduagatik, eta eguzkiak lainorik gabeko urdintasunean bere erregetza aldarrikatuagatik ere, gure baitan beltza baino islatzen ez dutenak. Gustave Flaubertek idatzi zuen hegalena, beti zeruari behatuko bagenio hegalak ukaiten bukatuko genukeela, eta beti zalantza ukan dut onerako erran ote zuen, edo zentzu txarra eman nahi ote zion idazleak «Je crois que si l’on regardait toujours les cieux, on finirait par avoir des ailes» erran zuenean; zalantza. Ihes egiteko, edo askatasunez bizitzeko balioko ote zuten hegal haiek, ez baita gauza bera. Inguruan haizea ere eskas denean, arazoak bata bestearen gainean pilatzean, edo beldur urrunen hurbiltasunak dardaraka jartzen zaituenean, gorantz behatzea baino ez baitzaizu gelditzen, eta han berantegi da zeruak kolorea baduenetz jakiteko. Erorialdian zaude, baina gorantza beha, eta hegalak irtengo ote zaizkizun pentsatzeko garaia baino ez da agian, hargatik opa dizut zeruari argitasuna nabarmentzea. Biderik aldapatsuena ibilitakoan, galduta aurkitzen zaren tenorean, zeharka eta aldizka gauza onak etorriko zaizkizula pentsatzea. Beharbada, izarrak ahaztu, eta burua izara pean sartuta, beste egun batek noiz argituko duen itxarotea besterik ez da.